“Oroimena Bizigune” proiektua aurkeztu zuten atzo

Errenterian gatazkak izan duen eraginaren inguruan hausnartzeko, sentsibilizaziorako, gizarte komunikaziorako eta oroimena eraikitzeko proiektua da “Oroimena Bizigune”. Otsaila eta martxoan zehar Oarsoaldeko bederatzi gaztek egindako prozesu parte hartzailea du oinarritzat eta prozesua bera dokumental batean bildu dute. Irusoin ekoiztetxea, Ubiqa eta Moviltik Elkarte Kulturala dauden proiektuaren atzean.

Atzo aurkeztu zuten Donostian “gatazkaren oroimena eta kontakizun kolektiboak eratzea” helburu dituen proiektua. Dokumentala bera proiektuaren emaitzetako bat da eta gaur proiektatuko dute Antzoki Zaharrean 19:00etan, eta ostegunean Bilboko Azkuna Zentroko Golem Zinemetan 12:00etan. Herrian izan diren indakeria-ekintzak eta giza eskubideen urraketen gaineko herritarren testigantzak jasotzen ditu, prozesuan parte hartu zuten gazteenak, baina baita kaleko jendearenak ere. Izan ere, bederatzi gazte horiek ingurukoen lekukotzak jaso zituzten mugikorren bidez grabatutako elkarrizketekin.

Errenteriako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia eta Kultura Sailaren, zein Donostia2016ren laguntza duen proiektua da.

Narrazio digital berriak

Proiektuaren sustatzaileek azaldu dutenez, “teknologien erabilera, narrazio digital berriak eta herritarren partaidetza, lankidetza nahiz inplikazioa” uztartzen ditu proiektuak. Eta asmoa eredu hori Euskal Herriko beste udalerritan berregitea da.

Era berean, aipatu zuten proiektuaren euskarri bakarra ez dela gaur proiektatuko den dokumentala. Webgune propioa ere martxan jarri dute, eta bertan, jasotako testigantzak, argazki galeria, proiektuaren helburuak… ikus daitezke.

Webgunea: oroimenabizigune.org

Dokumentalaren trailerra: