Fanderia eta Galtzarabordako kiroldegietako ikastaroek hainbat aldaketa izango dituzte gabonetan

kiroldegia_igerilekuaUdal Kirol Patronatuak jakinarazi du datorren astelehenean hasi eta urtarrilaren 8ra bitarte Fanderia eta Galtzarabordako kirol instalazioetan eskaintzen diren ikastaroetako ordutegi eta jarduerak aldatu egingo direla. Hori horrela, “egutegi alternatiboa” martxan jarriko dute. Helduen ikastaroetako egutegi berria hemen dago ikusgai. Ikastarogile guztiek horietako edozein ordutegitan eta bi instalazioetara bertaratu daitezke.

Era berean, abenduaren 26an Ciclo Indoorreko eskola berezia eskainiko dute. 18:30etik 20:00etara “urteko 20 abestirik onenei” birpasa egingo diete saioaren bidez.

Ur olinpiada txikienentzat

Bestalde, ur parkek antolatu dituzte Galtzarabordako eta Fanderiako igerilekuetan txikienei begira. Abenduaren 22an 17:00etatik 19:00etara Galtzarabordan eta abenduaren 29an ordu berean Fanderian jarriko dituzte parkeok. Azaldu dutenez, parke hauetan haurrek uretan jolasak egingo dituzte, “urarekin duten harremana hobetzeko”. Joku eta jarduera guztiak instalazioaren langileek ikuskatuko badituzte ere, parte-hartzaile guztiek igerian jakin beharko dute.

Ikastaroko ikasleek ur olinpiada honetarako doako sarrera izango dute. Eta kirol instalazioetako abonatu diren eta puzgarrietan sartu nahi duten gainerako haurrek, berriz, 4€ ordaindu beharko dituzte.

Argibide gehiago behar izanez gero, udal kirol instalazioetako harreretara dei daiteke:

  • Galtzarabordako Udal Kiroldegia: 943 44 96 90
  • Fanderiako Udal Igerilekuak: 943 34 44 23

Kiroldegien ordutegia

Gainera, gabonak direla eta, kirol instalazioen ohiko ordutegia aldatu egin da. Abenduaren 24an eta 31n, Galtzarabordako Udal Kiroldegia eta Fanderiako Udal Igerilekuak 14:00etan itxi egingo dira. Eta abenduaren 25ean eta 2016ko urtarrilaren 1ean eta 6an instalazioak jendearentzat itxita egongo dira.