Hamarnaka lagunek ostiral goizaldean gertatutako eraso sexista salatu zuten

sexu_erasoa_elkarretaratzeaArratsaldeko 19:00ak pasatxo zirela hasi zen jendea Niessenen biltzen. Helburua argia, ostiral goizaldean Errenteriako emakume batek jasandako sexu erasoa salatzea. Errenteriako mugimendu feministak deitutako elkarretaratzean hamarnaka lagun bildu ziren “Aski da! Eraso gehiagorik ez!” ozen adierazteko eta emakumeari zein bere gertuko inguruari elkartasuna helarazteko. Errenteriako Udalak, zein eskualdeko gainerako Udalek ere publiko egin zuten bere gaitzespena ostiralean.

Ordu erdi inguruko elkarretaratzearen ostean mugimendu feministako kideek mezua irakurri zuten. Gehiago jasateko prest ez daudela adierazi zuten. Eta “erasotzaileari bazterketa soziala” egin beharra aipatu zuten. Gainera, arazo sozial eta politiko baten aurrean gaudela azpimarratu nahi izan zuten, “ez dira etxean gertatzen diren kasu isolatuak, jendarteak eta sistemak berak baimentzen eta isiltasunean onartzen dituen eraso metaketa baizik”.

Era berean, emakumeei dagokien “askatasuna ukatzen” zaien bitartean, eraso sexistak dirauten bitartean, “gorputzen autodefentsa eginez” bertan izango direla esan zuten. Eta erantzukizuna herritar guztiena dela gaineratu zuten.