Ereintzaren esku egongo da inauteriei hasiera eta amaiera ematea

2015 azeri dantza
Azeri dantza 2015

Azeri dantzarekin hasiko dira Errenteriako inauteriak otsailaren 4an. Eta otsailaren 9an, berriz, errenteriarrek inauteriak agurtuko dituzte sardinaren ehorzketan. Bi ekintza horiek, hain zuzen ere, Ereintza Dantza taldeak antolatu ditu.

Dantza taldeko kideek esan dutenez, aurten azeri dantzan adin oso ezberdinetako ia 60 lagunek hartuko dute parte. “Sasi-emakumezkoz eta sasi-gizonezkoz” osatutako kalejira Ereintza Elkartetik abiatuko da 19:00etan, “kaleak girotzeko asmoz”. Herrian zehar honako ibilbidea egingo dutela jakinarazi dute: Juan de Olazabal, Biteri kalea, Morrongileta, Esmalteria, Maria de Lezo, Magdalena, Foru plaza, Biteri txiki, Gamon Zumardia eta Herriko Plaza. Azken honetan 20:00etan hasiko da dantza saioa. Ziurtatu dute, urtero bezala, “ganberrokeriarik ez dela faltako”. Eta gogorarazi dute Asteme, Katuko eta Oilarqueen ere eurekin ibiliko direla.

Sardina Oiartzun ibaira

2015 sardinaren ehorzketa
Sardinaren ehorzketa 2015

Urteroko ohiturari jarraituz, inauterietako asteartean Sardinaren ehorzketa ospatuko dute. Amulletako danbor joleekin eta Musika Kultur Elkarteko bandarekin batera herriko kaleetan zehar Sardina erakutsiko dute eta ibilbide amaieran Oiartzun ibaira botako dute. Gainera, “dantza, umorea eta bertsoak” biltzen dituen ekitaldia Herriko Plazan izango dela jakinarazi dute. Sardinaren atzetik atsekabetutako joango diren pertsonak presente eduki nahi dituzte, eta horretan parte hartzera animatu ditu herritarrak Ereintzak.