50 pertsona baino gehiagok hartu zuten parte Errenteriako Indoor Triatloian

triatloia_2016Aurreko larunbatean ospatu zen Errenteriako Indoor Triatloiaren laugarren edizioa Fanderiako udal instalazioetan. 50 baino parte hartzaile gehiagok hartu zuten parte hiru diziplina batzen dituen lehiaketa honetan. Igerian 500 metro, bizikleta estatikoan 8 kilometro eta Fanderia auzoko bidegorrian zehar 3,25 kilometro. Distantzia horiexek egin behar izan zituzten parte hartzaileek larunbatean.

Antolatzaileek adierazi dutenez, “giro ona” izan zen nagusi lehiaketan. Kirol proba amaituta luncha izan zuten eta kategoria bakoitzeko irabazleei sariak banatu zizkieten. Emakumezkoen mailan Amagoia Mitxelena izan zen lehena, bigarrena Janire Estevez eta hirugarrena Ana Garcia. Gizonezkoen mailan, berriz, Javier Sodupe izan zen irabazlea eta bigarren postua eta hirugarrena, Oscar Martinek eta Juan Mª Azpillagak eskuratu zuten, hurrenez hurren.

Taldeka jarduteko aukera ere eskaini zuten. Gizonezko mailan, Xabier, Iñaki eta Gotzonek osatutako taldeak irabazi zuen. Emakumezkoen mailan Olatz, Amagoia eta Anarenak. Eta talde mistoen kategorian Unai, Amaiur eta Mikelen taldeak irabazi zuen.