Hemen dira Errenteriako inauteriak!

Katuko iazko pregoian
Katuko iazko pregoian

Bihar (otsailaren 4a, osteguna) emango zaie hasiera Errenteriako inauteriei. Ekitaldi berezia 20:00etan hasiko da Herriko plazan, eta bertan izango dira aurtengoan ere Asteme, Katuko eta Oilarquuen pertsonaiak. Eurak izango dira mozorroen festaren pregoia udaletxeko balkoitik eskainiko dutenak. Gainera, sardin-zaharra ere balkoian zintzilik izango da.

Udalak jakinarazi du Jose Mari Carrerek sortu zuela iaz hiru pertsonaia horien istorioa. Eta istorio horretatik abiatuta Idoia Beratarbidek irudiak egin zituen. Abestia ere konposatu zuten Errenteriako inauterietako pertsonaia hauentzat. Xabier Vesgak doinuaren moldaketa egin zuen, Aitor Albisturrek, berriz, letra. Eta grabazioan Vesgak berak eta Olatz Oliberik jarri zuten ahotsa.

Inauteri batzordeak herritar guztiak animatu ditu 20:00etan Herriko Plazara gerturatzera, “festa giroa hasieratik bizitzeko”. Era berean, inauterietako gaiari erreferentzia eginez #pantailahanditik traola erabiltzea proposatu dute, irudi eta iruzkinen artxibo txikia denen artean osatu ahal izateko.

Sardina prest

Inauterietan presente egon ohi da sardin-zaharra udaletxeko balkoian. Bertan igarotzen ditu jai egunak zintzilikatuta, bere ehorzketa noiz iritsiko zain. Inauterietako azken egunean, asteartean, jasotzen dute balkoitik hileta-segizioa egiteko. Herriko kaleetan zehar sardina erakutsi ostean, Oiartzun ibaira botatzen dute.

Ereintza Danta Taldeak antolatzen du ekimena, baina aurten buru belarri ibili dira Xenpelar tailerretako kideak sardina egiten. Luzeran lau metro inguru dituen sardina prestatu dute Garbiñe Ramirez irakasleak, zeramika tailerretako ikasleek eta baita tailerretako zenbait umek ere. Urtez urte erabiltzeko moduko sardina egin dute zuntza eta erretxinarekin.

Hemen Asteme, Katuko eta Oilarqueenen ipuina eta abestia: