Europako DUSI diru lagunzetatik 4.100.000€ jasotzeko eskabidea aurkeztu du Errenteriako Udalak

DUSI
Collar, Mendoza eta Karrikiri gaurko aurkezpenean

Horren berri eman dute gaur Julen Mendoza alkateak, Jaione Karrikiri alkateordeak eta Ion Collar bigarren alkateordeak. DUSI diru laguntzak hiri garapen jasangarri integralerako Europa mailako laguntzak dira. Errenteriako Udalak Oarsoaldeko gainerako Udalekin batera eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta 4.100.000 euro jasotzeko eskabidea aurkeztu du. Guztira 9.000.000 euro jasoko lituzte Oarsoaldeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Pasaiako badia biziberritzeko. Udalek eta diputazioak sinatutako akordioaren arabera, Errenteriarentzat %45,6a izango litzateke.

Gaur azaldu dutenez, akordio horretan zehazten da Errenteriako Udalak 8.200.000 euroko inbertsioak egingo dituela. Horren %50a Europako funtsetatik etorriko litzateke, %35a Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuta eta %15 Errenteriako Udalak berak. Halere, Mendozak azaldu du eskaera aurkeztu izanak ez dakarrela automatikoki diru hori jasotzea.

Lau esparru

Lau esparrutako proiektuak aurkeztu dituzte diru laguntza horientzako. Alde batetik, informazioaren eta komunikazioaren teknologiei dagokienez, 1.600.000 euroko inbertsioa egitea aurreikusten da. Herritarren arretarako zerbitzua (HAZ) ezarri eta martxan jartzea edota argiztapena hobeto eta kontsumoa gutxitu nahian, kaleko argiak argiztapen adimenduneko sistema integralekin ordezkatzea dira arlo honetan azpimarratu dituzten proiektuak.

Beste alde batetik, karbono gutxiko ekonomiaren arloan, Galtzaraborda eta Beraunen igogailu publikoak jartzea, zein Olibeteko aparkalekuan nodo intermodala gauzatzea aipatu dituzte. Eta guztira 700.000 euroko inbertsioak aurreikusi dira. Ingurumena eta ondarea zaintzeari dagokionez, berriz, 1.580.000 euroko inbertsioak aurreikusi dituzte. Honen baitan hiru proiektu nagusi, hirigune historikoa birgaitu, Ondartxoko hiltegia zenaren eraikinean obrak eta hobekuntzak egin itsasoarekin zerikusia zuen erabilerarako baliatzeko eta Fanderiako errotan ibaiaren inguruko Interpretazio Zentroa eraiki.

Inbertsio kopuru handiena gizarteratzeari dagokio, 4.320.000 euroko inbertsioa. Horrela, Niesseneko eta Beraungo liburutegi berriak bultzatu, Galtzarabordako kiroldegia handitu, emakume-etxea eraiki eta Galtzarabordako kiroldegia handitu eta gizartea eta ekonomia biziberritzeko jarduketak burutzeko ekintzailetza sustatzen duten espazioak sortu nahi dira.

Plan Estrategikoa eta finantzazioa

Mendozak azpimarratu nahi izan du aurkeztu diren proiektuak Errenteria 2015 Plan Estrategikotik datozela, ez direla “inprobisazioa”. Herritarrekin batera egindako hausnarketa estrategikotik definitu zuen gobernu taldeak plan estrategikoa eta bertako lan ildo nagusiak datozen lau urteetarako Legegintzaldi Planean proiektu moduan definitu zituen. Gaur azaldutakoak horietako batzuk dira.

Bi plan horietako proiektuak jartzeko baliabide eta finantzazioa lortzeko lanean ari direla gaineratu du Mendozak. Eta diru laguntza eskaera hau horren adibide da. Mendozaren hitzetan, Oarsoaldeko Udalek eta Gipuzkoak Foru Aldundiak sinatutako akordioak gobernu taldeak herriaren alde lan egiten duen “konpromiso irmoa” agerian uzten du.