Habian! Fabrika kreaktiboa gero eta gertuago

Del Rio, Mendoza eta Oria hitzarmena sinatzen
Del Rio, Mendoza eta Oria hitzarmena sinatzen

Errenteriako Udalaren ekimenez, ekintzailetza kolaboratibo eta kolektiboaren lekuko izango da Torrekua. Gaur goizean laster martxan jarriko den Habian! Fabrika kreaktiboa proiekturako lankidetzarako hitzarmena sinatu dute Oarsoaldea Garapen Agentziak, AEG Ikastetxeak eta EASO Politeknikoak. Julen Mendoza Errenteriako alkate eta garapen agentziako presidentea, Amaia Oria Agirre AEG ikastetxeko ordezkaria eta Angel Luis del Rio EASO Politeknikoko zuzendaria arduratu dira horretaz. Torrekuak hartuko dituen bi proiektuetako bat da fabrika kreaktiboa. Izan ere, horrez gain Habian! Teknologia kreaktiboak ere bertan izango du lekua.

Lanbide hezkuntzako zentroen eta garapen agentziaren arteko hitzarmen honekin fabrika kreaktiboa martxan jartzeko urrats bat gehiago eman da. Hitzarmenaren helburua da azpiegiturak eta tresnak eskaintzea sormenaren, artearen eta artisaugintzaren arloko ekintzailetza-proiektuak babesteko. Habian! Fabrika Kreaktiboa langintza sortzaileak ardatz izango dituzten tailer parte-hartzaileen proiektua da. Mendozak azaldu duenez, hasiera batean bitxigintza, ehungintza eta bestelako ofizio batzuetako tailerrrak eskainiko ditu, eta aurrerago zurgintza edota zeramikari buruzkoak ere.

Mendozaren hitzetan, proiektuaren helburua sormen ekonomiako ekintzaileei baliabideak eskaintzea da euren proiektuan martxan jarri ahal izateko. Ekintzaileek hasieran topatzen dituzten oztopoak murriztea, hala nola, alokairuen ordainketan, ekipamenduetan etab. denbora jakin batean. Torrekua_hitzarmena

Lanbide Hezkuntzako zentroak

Eragile ezberdinei ateak irekitzea lortu nahi duen proiektua da, eta gaurko hitzarmena bide horretan kokatzen da. Izan ere, Lanbide Hezkuntzako zentroak oso “garrantzitsu eta estrategikoak” dira horrelako proiektu batean. Zentzu horretan, proiektuaren zabalpenean, ekintzaileen hautaketan, edota aholkularitza teknikoan laguntza emateko konpromisoa hartu dute AEG Ikastetxeak eta EASO Politeknikoak. Oriak aipatu du AEG ikastetxea oso ilusionatua dagoela proiektuarekin, eta ikastetxeko geletatik kanpo ikasleei espazioak eskaintzea oso positiboa dela.

Errenteriako Udalak bultzatu eta Oarsoaldeak kudeatzen duen proiektua da. Eta Oarsoaldeak, kudeatzaile gisa, azpiegiturak, zerbitzuak eta baliabideak eskaintzeko konpromisoa hartu du gaurkoan.

ADN kreaktiboa

Torrekuan abian jarriko den proiektua Errenteria 2025 plan estrategikoaren baitan kokatzen da. Egin zen parte-hartze prozesuan helburu nagusienen artean ekonomia kreatiboa sustatzearen alde egin beharra azpimarratu zen, Errenteria ADN kreaktiboa marka martxan jartzearekin batera. Ekonomia soziala eta elkarlanean sortutako ekintzailetza oinarri hartu beharra jaso zen planean.

Era berean, gaur Mendozak gogorarazi nahi izan du Errenteriari bakarrik ez ezik, Pasaiako Badiaren biziberritzeari eragingo diola proiektu honek. Eta zentzu horretan gaineratu du Oarsoaldean eragingo badu ere, ez dela Oarsoaldera mugatuko den proiektua izango.