‘Asier eta biok’ filma emitituko da ostegunean Niessenen

Asier-eta-biokOstegunean (maiatzaren 5ean) Asier eta biok filmea ikusteko aukera izango da Niessen aretoan 19:00tan. Amaia eta Aitor Merinok zuzendutako filmak Zineforum geltokia egingo du. Zuzendaria ere bertan izango da. Sarrera doan izango da.

Errenteriako Udalak, Kultura Kreaktiboak eta Sarek antolatutako emanaldia da. Filmaren webgunea bisitatu nahi baduzu, egin klik hemen.

Zuzendariak honela deskribatzen du filma:

Asier eta biok Iruñean ikaskide izan ginen 80ko hamarkadan. Ondoren, bide ezberdinetatik jo genuen. Nik, aktore izateko goseak bultzatuta, Madrilera jo nuen; hiriak harrera ona egin zidan eta bazter guztietan egin nituen lagunak, aktoreak gehienak. Bien bitartean, Asier Iruñean bertan bizi zen eta konpromiso politiko handiko ekimen desberdinetan murgildu zen. Urrun bizi arren, Asierrek eta biok adiskidetasuna mantendu genuen.

Urteak pasa ziren eta nire ametsa egi bihurtu zen: aktore egin nintzen. 2002ko martxoan, Asier ezkutatu egin zen; polizia zeukan atzetik ETAkide zelakoan. Asierrek zortzi urte eman zituen espetxean. Urte guztiotan askotan hitz egiten nien nire Madrilgo lagunei Asierren inguruan eta gure adiskidetasunaz. Baina askotan, nik ere erantzuteko zailtasunak nituen galderak botatzen zizkidaten. Nola azaldu nire lagunei ETAko kide batekin nuen adiskidetasuna? Nola ulertarazi zerk bultzatu zuen erabaki hori hartzera, niri ere ulertzea kostatzen zitzaidanean?
Askatu zuten egunean, 2010eko uztailean, kamera hartu eta galdera horri erantzuteko gai izango zen pelikula egitea deliberatu nuen. Hori zen nire asmoa eta, aldi berean, zergatik ez, Madrilgo lagunen eta Asierren arteko ulertze-bideak sortzea. Nolanahi ere, nire egitasmoa ez zen uste bezain erraza gertatu….