Bizikletan ibiltzen ikasteko edo gogoratzeko ikastaroa izango da ekainean zehar

bizikleta adinekoentzatBizikletan ibiltzen ez dakiten pertsonek, edo haren erabilerari potentzialitate guztia atera nahi dioten pertsonek doako ikastaro bat izango dute ekainean zehar.

Jon Txasko Kirol zinegotziak eta Marisol Garmendia Mugikortasun diputatuak prentsaurrekoa eman zuten atzo. Bi instituzio hauek elkarlanean antolatu dute ikastaroa eta GurpilArtea txirrindulari elkarteak emango ditu klaseak. Bizikleta gainean ibiltzen irakasteaz gain ikastaroan beste hainbat kontu ere landuko dira, hala nola bizikletaren funtzionamendua eta oinarrizko mantentze lanak. Horrez gain, segurtasuneko jarraibideak ere emango dira eta baita eskualdeko ibilbide egokituei buruzko berriak ere.

Ikastaroa ordu eta erdiko lau saioz osatuko da. Ekainaren 17an, 18an, 24an eta 25ean izango da Galtzarabordako kiroldegian. 8-15  ikasle izango dira klaseko eta behar dutenei bizikleta eta kaskoa utziko zaie.

Txaskok esan du bizikletan ibiltzen jakinda ere lasai asko izena eman dezaketela aspaldi bizikleta gainean jarri ez diren hiritarrek. Garmendiak dio txirrindula “garraiobide atsegina eta osasuntsua dela eta ingurumenarekin arduratsua”. Bere esanetan, lehen aldia da modu horretako ikastaro bat egiten dela Donostiatik kanpo.