Otaño errenteriarrak Frantziako Tourrean lortutako garaipenaren 50. urteurrena

DSC_0003
Jesus Mª Erzibengoa, Errenteriako Udaleko Kirol Departamentuko Kirol Dinamizatzailea Nicolás Santesteban, Laguntasuna Txirrindularitza Elkarteko ordezkaria José Cruz Legorburu, Laguntasuna Txirrindularitza Elkarteko Presidentea Luis Otaño Arcelus, Alberto Monroy, Laguntasuna Txirrindularitza Elkarteko ordezkaria Bebi, Luis Otañoren emaztea

Luis Otaño Arcelus errenteriarrak Frantziako Tourrean lortutako garaipenaren 50. urteurrena ospatuko da uztailaren 6an.  1966ko uztailaren 6an, Tourraren 15. etapan izan zen txapeldun Otaño Fagor taldearekin. Urteurrena baliatuz, Errenteria-Oreretako Laguntasuna Txirrindulari Elkarteak eta Errenteriako Udalak txirrindularitza profesionalaren munduan egin zuen ibilbidea biltzen duen txostena jarri dute Laguntasunaren egoitzaren aurrean. Txirrindulari koloretsuen irudiak ere jarri dituzte Laguntasunaren aurrean eta Gabierrotako biribilgunean.20160630_122535_resized_1

Luis Otaño Laguntasunako eta udaleko ordezkariekin batera izan da agerraldian. 82 urte ditu egun errenteriarrak, eta gogoan du orain 50 urte irabazi zuen etapa.

Hona egun hartako kronika:

 

otaño txirrindulariaEtapa, 203 km-koa, Bourg d’Oissans-era iristen zen, Alpe d’Huez erraldoiaren oinetara. Egun euritsuaz ohartu eta saiatu egin zen Otaño. Bere atzetik bi gizon, arriskutsuak oso, eskalatzaile onak zirela eta sailkapenean zuten lekua kontuan harturik: Julio Jiménez eta Galera. Hirurek bat egin eta taldeari abantaila ateratzen ahalegindu ziren, baina hainbat taldeburuk aurrera egin eta ez zioten hirukoteari behin betiko tartea irekitzen utzi. Luis espezialista baten gisa igo, ziztu bizian jaitsi eta atzean utzi zuen bikote espainiarra. Igotzean elkartu egin ziren, berriro ere. Grimoneko mendatea jaistean Errenteriako suizida erori egin zen; elkartu egin zen, berriro ere, eta erritmo itzela emanez, lagunak gurpiletik aldendu zituen. Bakarrik abiatu zen helmugatik 13 km-tara zegoen Ormon, azken mendateko gailurreraino. Matxainek ongi ezagutzen zuen eta oihu egin zion, jaitsieran behar baino gehiago ez arriskatzeko esanez, behar adina abantaila baitzuen. Eta “grimpeur” bikotearekiko 2’34ko aldearekin iritsi zen. Bi horiek segundo gutxi batzuengatik ez zituzten atzekoek harrapatu. Atzetik, Peruk ere arriskatu egin zuen jaitsiera hartan eta bikote urdina izango genuen agian podiumean, baldin eta gurpil bat zulatzeak balentria hori eskuratzea eragotzi izan ez balio. Mendiburuk bere gurpila eman zion, baina ordurako urrezko minutu bat galdua zuen eta ez zuen denbora hori berreskuratzerik izan.

Otaño jaitsi eta igo egiten zen, Otañok asfaltoa jaten zuen. Kapitainak, beteranoak, beste handi batzuen zerbitzura zegoelako munduko lasterketarik onenean gailendu ezin izan zenak azkenean lore sorta altxa zuen podium desiratuenean, etxeko maillota jantzita, eta egun hartan Fagorrek lehenengo parte-hartze batetik espero zezakeena baino askoz gehiago eman zion maillot horri. 1966ko uztailaren 6a zen, egun handia Iruñean. Baita euskal txirrindulari taldeetan ere.