Goran Bregovic Atlantikaldian izango da

Bregovic
Goran Bregovic, Balkanetako musikaren erreferente nagusia, Errenterian izango da Atlantikaldiaren hirugarren edizioan.   Errenteriako Udalak jaialdiaren musika eskaintza indartzeko apustua egin du, eta Chambao eta Kepa Junkerarekin batera, kalitatezko eskaintza erakargarria osatuko du Bregovicek.

Sarajevon, Bosnia Herzegovinan jaiotako musikagilea nazioarteko ospe handiko soinu-bandak egiteagatik ezaguna da, Emir Kusturicak zuzendutakoak batez ere. Mundu osoan ezaguna den artistak Balkanetako musika tradizionala nazioartean zabaltzea lortu du.

Balkanetako konpositore ospetsuenaren konposizioek folklore tradizionala, rocka, Bulgariako musika eta beste zenbait estilo uztartzen ditu. Milan, New York, Veneto, Madril edota Rimini bezalako hirietan geldialdiak egin ostean, irailean Balkanetako doinuekin girotuko du Errenteria.

Halaber, iaz ekindako bideari jarraipena emanaz, artisten arteko kolaborazioak izango dira. Horrela, beste inon ikusgai egongo ez diren emanaldiez gozatzeko aukera izango da. Aipatutako izen handi horiekin batera beste musikari askok parte hartuko dute jaialdian, gustu guztietako estiloak uztartuz oholtza gainean.Aurreko bi edizioetan Atlantiar itsasoko beste kultura eta hizkuntzak gerturatzeko zubia eraiki du Atlantikaldiak. Aurten, ordea, Atlantikoaren mugak gainditu nahi ditu jaialdiak eta itsasoa, munduko kultura ezberdinekin harremanetan jartzeko bide moduan ulertu.

Lehendakari Agirreko kontzertuak
Irailaren 22an, bi talde handi elkartuko ditu Atlantikaldiak, elkar ezagutzen ez dutenak, baina elkarrekin arituko direnak errepikatuko ez den kontzertuan. Batetik, Kepa Junkera eta Sorginak; eta bestetik, Chet Nuneta frantsesak.

Ostiralean, berriz, irailaren 23an, kontzertu bikoitza izango da: Goran Bregovic eta Tosta Banda, zazpi komunitateko musikariez osatutako taldea -Irlanda, Kornualles, Gales, Eskozia, Frisia, Galizia eta Euskal Herria-. Lehendakari Agirreko kontzertuak larunbatean amaituko dira, Chambao eta Terrakotaren emanaldiekin, munduko fusio eszenatik sortutako taldea. Portugaleko aitzinako kolonien oinordekoek sortutako talde honek Angola, Cabo Verde, Brasil, Guinea-Bissau eta Mozambiqueko erritmo eta melodiak nahasten ditu.