Ostiralean jokatuko dira Ereintza IV Tenis Openeko Madalen Sariaren finalak

5-alimentos-para-jugadores-de-tenis-330x220Ereintza Eskubaloiak antolatuta eta ATG Gipuzkoako Tenis Zaletuak elkarteak eta Kirolkide Errenteriaren laguntzarekin “Errenteriako Ereintza IV Tenis Opena-Madalen Saria” lehiaketa egiten ari da Beraungo erabilera anitzetarako kirol pistan. Lehiaketa ekainean hasi zen eta final handia datorren ostiralean, 18,00etan jokatuko da.
Ereintzatik lehiaketak tenislarien artean izan duen harrera ona eta partida guztietan bizi den giro ona azpimarratu dute. Koadroa osatzen duten 32 tenislariak 8 taldetan banatu dira eta lehiatzeko sistema izan da taldearen barruan denok denon aurka lehiatzea.
Uztaila hasieran lehenengo fasea amaitu zen eta kanporatze zuzenak jokatzen hasi ziren 4 kategoriatan. Hau da, lehenengo 8 sailkatuek final laurdenak, finalerdiak eta finala jokatuko dituzte haien artean, bigarren 8 sailkatuek haien artean, eta abar. Hori horrela, datorren asteburuan lehiaketako lau finalak jokatuko dira (bat kategoria bakoitzean). Lehiatzeko sistema honek ahalbidetzen du tenislari bakoitzak gutxienez 4 partida jokatzea.
Parte-hartzaileei dagokienez, berriz, Gipuzkoako tenislari onenak ikusteko aukera izaten ari gara (horien artean Errenteriako zazpi, eta Donostia, Irun, Tolosa, Pasaia, Andoain eta abarretatik etorritako hainbat), baita Iparralde eta Nafarroako tenislariak ikusteko ere. Nabarmendu nahi dugu lehenengo aldiz emakume batek parte hartu duela lehiaketan, Arantxa Busto hain zuzen ere.
Parte-hartzaile koadroa lehiaketaren aurreko edizioetan inoiz izandako maila altuenekoa da; izan ere, lehenengo bi edizioetako garaileak, Eneko Millanek, eta Raúl Ramosek eta Gabriel Zubillagak, hirugarren edizioko irabazleak eta finalistak hurrenez-hurren, parte hartuko dute, baita ATGren rankingeko lehenengo lau sailkatuek ere.
Lehiaketaren lehenengo fasea amaituta, errenteriar bakar batek, Adur Lekuonak, lortu zuen lehenengo postuan sailkatzea IV Maddalen Saria lehiaketa hau irabazteko lehian jarraitu ahal izateko. Azken urteotan jokua nabarmen hobetu du, eta irabazteko lehian sartzea lortu du parte hartzen ari den hainbat lehiaketatan. Ezin izan zuen ordea, iazko txapelketako garaile izandako Raul Ramos kanporatze zuzenean menperatu eta partidan izugarrizko berdintasuna egon arren, hiru set jokatu ondoren garaipena Raulek lortu zuen.
Tenis zaletuek oro har instalaziora bertaratzeko aukera izango dute lehen mailako finala doan ikustera. Datorren ostiralean, uztailak 29an, jokatuko da arratsaldeko 18,00etan. Final honetara Iñigo P. Domínguez eta asteazken honetan Inko Mugika eta Raul Ramosen artean jokatuko duten partidaren irabazlea iritsi dira. Honen bidez zorte ona opa nahi diegu guztiei, eta pozten gara Errenterian ekitaldi berri batez gozatzeko aukera izateaz.
Hala nahi duten zaleek www.atgtour.es web orrian jarraitu ahal dituzte lehiaketaren inguruko emaitza eta sailkapenak.