Pokemonez bete da Errenteria

Kalean barrena interesik gabeko gauzei argazkiak ateratzen sumatu duzu jendea? Ohi baino gaztetxo gehiago ikusi dituzu mugikorrari begira azken astetan? Trena hartzeko interesik ez duten gazteak ikusi dituzu Renfeko geltokiaren aurrean? Mundu mailako fenomeno bihurtu da Pokemon Go eta Errenteria ez da salbuespena. Uztailaren 15ean iritsi zen Pokemon Go.

Zertan datza, ordea? Ahalik eta Pokemon gehien biltzea du helburu jokoak, eta horretarako ibili beharra dago. Izakiak herriko edozein txokotan agertu daitezke, beraz, hara eta hona ibiltzen da jendea haien bila. Geolokalizazioa erabiltzen duen lehen joko arrakastatsua da Pokemon. Alegia, mugikorrean agertzen den mapa erreala da eta norbaitek herriko txoko bakoitzaren argazkia atera eta izendatzeko lana hartu du.

Hona jokoa ulertzeko beharrezko hiztegia:pokemon go explicacion

  • Pokemonak: dozenaka pokemon ezberdin daude. Marrazki bizidun batzuetan agertzen zirenez, zenbait belaunaldiri oso gertuko zaizkie. Norberak ahalik eta bilduma zabalena osatzea da helburua.
  • Pokebola: Pokemonak ehizatzeko izakiei jaurtitzen zaien bola.
  • Pokeparada edo poketokia: Pokebolak eta bestelako opariak jasotzeko tokia. Dozenaka poketoki daude Errenterian.
  • Gimnasioak: Ehizatutako pokemonek beraien artean borroka egin dezaketen lekua da. Hiru talde daude (urdina, gorria eta horia) eta irabazten duenak bere pokemona bertan uzten du gimnasioa defendatzen eta gimnasioa, garaitu artean, talde horren jabetzakoa da. Alamedako kioskoa, Renfeko geltokia… adibidez, gimnasioak dira.
  • Intzentsuak eta zepoak: Pokemonak erakartzeko ezohiko tresnak dira; maiztasun handiagoz agertzen dira tresna hauek erabili dituzten lekutan. Edonork jarri ditzake zepoak (30 minutuz), baina ikusgarri daude erabiltzaile denentzako. Hori dela-eta, gazte asko ibili ohi da herriko puntu batetik bestera intsentsua bota duten lekura iritsi arte.