Ludoteka eta gaztelekuen irekiera

Ikasturte hasiera2016-2017 ikasturteari hasiera emanaz, gaur arratsaldean irekiko dituzte ateak auzo ezberdinetan zehar banatuta ditugun sei Udal Ludotekek. Aldiz, asteazkenean, hilak 21, irekiko dira bi Udal Gaztelekuak.

Errenteriako Udalak hezkuntza ez formala babestu eta indartzea du xede, aisialdiak gure haur eta nerabeen garapen sozio-afektiboan duen garrantziaz jakitun. Bide horretan, tentuz zaintzen dugu zerbitzuak eskaintzen duen hezkuntza proiektua, balore hezitzaileetan oinarritutakoa eta haurren parte-hartze aktiboa erdigunean kokatzen duena. 15 hezitzaileko taldea izango da aurtengoan kalitatezko zerbitzua kudeatzearen arduradun.

Ludotekak astelehenetik ostiralera irekiko dira 17:30-19:30 bitartean. Ikasturteko kuota 40,40€-koa izango da eta izen-ematea zabalik da gaurtik aurrera edozein Ludoteketan. 6-12 urte bitarteko haurrek dute parte-hartzeko aukera.

Gaztelekuek, aldiz, asteazkenetik larunbatera irekiko dituzte ateak, 17:30-20:30 bitarte. Doako eskaintza da honakoa eta izen-ematea, Ludoteketan bezala, Gaztelekuetan bertan burutu ahalko da. Eskaintza 12-18 urte bitarteko nerabeei zuzendutakoa da.