Gynkhana parte-hartzailea Atlantikaldiako “Usain eta Zaporeen Bidaia” azokan

Usain eta zaporeen bidaia azoka

Atlantikaldiaren barruan, larunbatean, hilak 24, Gynkhana bat antolatu da, Foru plazan kokatuko den “Usain eta Zaporeen Bidaia” azokan, 16:30etik 18:00etara.

Ekimen honetan parte hartzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea atlantikaldia.errenteria.eus webgunean.

7 talde eratuko dira orotara eta izen-ematean bertan, talde horiek proposatu daitezke; beraz, familian, koadrilan edo norbanako bezala ere eman daiteke izena.

Jolasaren funtsa ondorengoa izango da: erdigunean kokatuta dauden Atlantikaldiaren guneetan, 7 pista egongo dira ezkutatuta. Guztiak jaso eta bertan dauden galderak egoki erantzun beharko dira. Ondoren Foru plazara bueltatu beharko dira talde parte-hartzaileak.
Galderak, azoka osatuko duten herrialdeetako kulturaren ingurukoak izango dira: Euskal Herria, Galizia, Maroko, Kolonbia, Nigeria eta Txina.
Gynkhana lehendabiziko postuan amaitzen duen taldeak saria izango du.