Komunikazio eraginkorrari buruzko hitzaldia izango da ostegunean

komunikazioa entrenatzenJendaurrean hizketan egiten ikasteko hitzaldia antolatu du Oarsoaldeak Habian! proiektuaren ekitaldien programaren baitan, azaroaren 3an 11:00etan Errenteriako Torrekua eraikinean, Amagoia Lauzirika aktorearen eskutikJulen Mendoza Errenteriako alkateak jakinarazi duenez, azaroaren 3an, goizeko 11:00etan hasita, jendaurreko komunikazioan trebatzeko bi orduko hitzaldia eskainiko du Amagoia Lauzirikak Errenteriako Torrekua eraikinean –Jautarkol plazan, 3.solairuan-.

Amagoia Lauzirika, antzezlea eta komunikazioan entrenatzailea da. Arte eszenikoan duen esperientziaz baliatuta, mezua modu eraginkorrean helarazten laguntzen du, jendearen presentziak sortzen dituen tentsio eta nerbioei eutsiz. 15 urtetik gorako esperientzia du aktore lanetan eta ibilbide horretan ezagutu dituen tresna berezi eta berritzaileak aplikatu ditu hizketa bidezko komunikazioan eta enpresa munduan. Tresna hauek eraginkortasunez erabiltzeko oinarria entrenamenduan dagoela esaten du. Pertsonek dituzten gaitasunak aprobetxatzen laguntzen du, norberak bere buruarengan duen segurtasuna eta autonomia areagotuz eta egoera desberdinen aurrean egokitzeko gaitasuna handituz.

Habian! proiektuaren bidez, sormenean, pertsonengan eta kolaborazioan oinarritutako eredu ekonomikoa bultzatzen da. Alkatearen hitzetan “proiektu honen helburuetako bat da ikuspegi soziala enpresa berrietan txertatzea, eta jarduera ekonomikoak pertsonen ongizatean laguntzea”. Ekintzaileek eremu ugari landu eta hartu behar izaten dute kontuan (tokiko ekonomia bultzatu, gizartean izango duen eragina, bezeroen segmentazioa, balio erantsia, finantzazioa, azterketa ekonomikoa…) eta horietako bat, nola ez, komunikazioa da.

Hitzaldia, proiektuarekin lanean ari direnentzat pentsatua badago ere, lagungarri izango zaio gaiarekiko interesa izango duen edonori, beraz, herritar, elkarte eta enpresetako ordezkariei ere Torrekuara bertaratu daitezen gonbidapena luzatu nahi die Jexux Leonetek, Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak.

Hitzaldia irekia eta doakoa izango da. Euskaraz egingo da eta baliabideak jarriko dira ulertzen ez dutenentzat. Bertaratu behar duenari asistentzia baieztatzeko eskatzen zaio eta horretarako komunikazioa@oarsoaldea.eus helbidera idatziz edo 943 494 129 zenbakira telefonoz deituta egin dezake.