“Memoria partekatu baterantz” Herritar elkarrizketa ekitaldia Errenterian

memoria bateratua compartidaMemoriaren eguna baliatuz, atzo arratsaldean, ibilbide pertsonal, sozial eta ideologiko desberdineko herritarrak elkartu dituen ekitaldia burutu da Errenteriako Reina Aretoan. Ekimena Errenteriako Udaletxean ordezkaritza politikoa duten alderdi guztien artean antolatua eta sustatua izan da.

Iragan urtean, eta orduan ere alderdi guztien kontsentsu politikoari esker, “Memoria partekatu baterantz”, Errenterian izandako giza eskubideen urraketak eta indarkeria-ekintzak jasotzen zituen txostena aurkeztu zen. Aurten, herriko bizikidetza eraikitzeko bidean lagungarria izan nahi duen beste urrats bat eman nahi izan da, herritar elkarrizketa gune honen antolaketaren bitartez.

Guztira 40 lagunek parte hartu dute ekitaldi honetan. Bertan, euren burua soilik ordezkatzen zuten herritarrek euren bizipen eta ikuspegi desberdinak adierazteko eta bere herriko beste bizilagunenak entzuteko aukera izan dute. Bi ordutan zehar; izandako indarkeriazko gertakizun desberdinek euren bizitzan eta herrian izandako eragina partekatu dute, memoria berreskuratzeak bizikidetzaren eraikuntzan duen garrantziaz eta horretan ere gizarteak jokatu dezakeen eta ahal duen paperaz hausnartu dute.