Agustina Otaola dohainik erabili ahal izango dute herritarrek

Fanderia Pilotalekua“Agustina Otaola, Raketista Profesionala Fanderiako Udal Pilotalekua dohainik erabili ahal izango dute hala nahi duten herritarrek. Lan-egun guztietan astelehenetik ostiralera 9:30etik 16:30era, larunbatetan kantxa erabiltzeko disponibilitatearen arabera, eta igande eta jai-egunetan 10:30etik 13:30era erabili ahal izango da. Honako baldintzak errespetatu behar dira horretarako:

  • Pista erabiltzeko denbora frakzioa ordubetekoa izango da. Pilotan jokatzeko erabili ahal izango da (beste kiroletarako ez: futbola,…) eta ez da aldagelarik erabiltzerik izango.
  • Espazioa doan lagako da, baldin eta ez bada frontoiko argia erabiltzen. Argiztatzeko sistema aktibatu nahi baldin bada 10 euro ordaindu behar dira giltza jasotzeko unean.
  • Instalakuntzako giltza erabilera egunean jaso beharko da, gehienez jokatzen hasi baino ordu erdi lehenago, Fanderiako Udal Igerilekuetako harreran.
  • Pista erabiliko duen pertsona arduradunaren NAN agiria utziko da, eta alokairua amaitu eta giltza entregatzean itzuli egingo zaio. Erabiltzen ari den bitartean instalazioan hautsi edo hondatu litekeen gauza ororen ardura giltza hartzen duen pertsonak izango du, baita garbitasun falta, animaliak ez sartzea, giltzaren erabilera okerra eta hirugarren batzuei sartzen uztearena ere.
  • Behin jarduera amaituta, giltza hartzen duen pertsonak instalazioa behar bezala itxi eta barruan ez dela inor geratzen egiaztatu beharko du.

Kirola doan egiteko aukera honekin batera Beraungo frontoia ere doan erabili ahal izango da, duela urtebete egiten den bezala, eta progresiboki udal kirol instalazio gehiagotara zabalduko da. Lagapenaren baldintza guztiak “Kirolkide Errenteria” web orrian kontsulta daitezke.