Larunbat honetan herritarrak dantzan jarri nahi ditu Bantzaldiak

bantzaldiaBi ikuskizun aurkeztu ditu Udalak gaur eguerdian: Bantzaldia izango da larunbat honetan (abenduaren 17an) eta Pello eta Otsoa ikuskizuna abendauren 29an.

Errenteriako Musika Banda (EMKE), Kukai dantza konpainia eta AIKO taldea izango dira oholtza gainean. Niessen Kulturgunean izango da Bantzaldia, 19:30ean,  Musika tradizionala eta dantza uztartzen ditu eta entzuleria dantzan jartzea du helburu. Horretarako, Niessen besaulkiz hustuko da, bertaratutakoek modu erosoan dantza egin dezaten. Ikuskizunean parte harteko gonbidapena eskuratzea ezinbestekoa da aforoa dela-eta. Beraz, joan nahi dutenek Niessen Kulturguneko harreran eskatu beharko dute beraien gonbidapena.

Alain Ayerdi da ikuskizunaren zuzendari artistikoa. Joseba Gutierrez konpositoreak sortutako melodien gainean egingo dute dantza Kukaikoek. Denetariko musika izango da entzungai: euskal doinuak, pasodobleak… Ekainaren 24an egin zen lehen aldiz Bantzaldia Bilboko Alhondigan. Garazi Lopez de Etxezarreta zinegotziak esan du Kukairekin batera dantza egin ahal izatea ohore bat dela eta are gehiago larunbatean izango duten laguntzarekin.

Emanaldia, haurrentzat

Lau eta hamar urte bitarteko haurrek Pello eta Otsoa ikuskizunaz gozatu ahal izango dute abenduaren 29an Xenpelar Etxean. 11:30ean hasiko da euskarazko ikuskizun hau eta haurrentzat bakarrik izango da aforo kontuengatik. Haurrek bertan izango dituzte zaintzaileak. Sugar Ensenble haize egurrezko boskoteak esakainiko du. Ikuskizun honetarako ere gonbidapena lortu beharra dago (doan). Xenpelar etxean eskatu beharko dira abendauren 26tik 29ra bitartean.