Zirko tailerra eta diagnostikoa, larunbatean Marea goraren eskutik

zirko tailerra marea goraHaur eta gazteekin hitz eginda ateratako ondorioak plazaratuko ditu Marea Gorak larunbatean Haur eta gazteekin parte-hartze prozesua egin du Errenteriako Udalak, haien nahiak eta kezkak ezagutzeko. Azarotik otsailera bitartean, 600 pertsona baino gehiagok hartu dute parte, hiru adin tartetan banatuta: haurrak (0-12 urte bitartean), nerabeak (13-17) eta gazteak (18-30). Asanblada irekiak, eragileekin bilerak eta talde-dinamikak uztartuz bildu dituzte euren iritziak. Lan horretatik ateratako ondorioak larunbatean plazaratuko dituzte, Koldo Mitxelena ikastetxearen jolastoki estalian, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.
Ez da diskurtso luze edo hitzaldirik izango. Adin-tarte bakoitzean ateratako ondorioekin panel bana prestatu dute, eta gehiago jakin nahiez gero, nahikoa izango da bertara hurbildu prozesuan parte hartu dutenei galdetzea.

Gozamenerako, zirko tailerra

Gozatu eta ikasteko tartea ere izango da larunbat arratsaldean. Donostiako Xomorro taldearen eskutik, adin-guztietako parte-hartzaileentzat egokitutako zirko tailerra egingo da bertan, 17:00etatik aurrera.

Orain erabakiak hartzeko txanda

Bildutako iritzi guztiak kontuan hartuz, haur eta gazteen egoera hobetuko duten proiektuak martxan jartzea da hurrengo pausoa. Proiektu horiek zeintzuk izango diren ere larunbatean bertan jakinaraziko dute, baita horietan parte hartzeko hurrengo hitzorduak.