Kapitain Etxeak larunbatean irekiko ditu ateak Jantziaren Zentruari kabida emanez

IMG_0104

Apirilaren lehen egunean zabalduko ditu ateak Kapitain-etxean kokatutako erakusketak. Jantziaren Zentroak 1770-1920 urte arteko jatorrizko jantziak bilduko ditu, eta Iraultza Dantza Taldearen zein Errenteriako Udalaren arteko elkarlanaren emaitza da. Hala azaldu dute, gaur, hilak 29 prentsaurrekoan Julen Mendoza Errenteriako alkateak eta Ramon Garcia eta Ainhoa Mendiburu Iraultzako kideek.

Dantza taldeak hamabost urte eman ditu, urtetan batutako jatorrizko jantzi, eta hainbat tresna herritarrei erakusteko proiektua aurrera ateratzeko lanean. Udalak, berriz, ekimen hau kokatu du herriaren Alde Zaharra herriarentzat eta bertako biztanleentzat berreskuratzeko ahaleginean.

Errenteriako Udalak XVII. mendeko Kapitain-etxea iaz berritu zuen, eta bertan, Jantziaren Zentroa kokatzeko erabakia hartu zuen. Eraikinak behe solairua eta bi pisu ditu.

Atariko solairuan, sarreren salmenta, bisita gidatuen hasiera, eta behin behineko erakusketak kokatuko dira. Irekierarako Iraultza Dantza taldeak emakumezko bost jantzi zuri sortu ditu. Horiek goitik behera, bertikalean zatituta daude, alde batean jantzia kanpotik nolakoa den ikus daiteke, eta beste aldean, barrutik daramatzan armazoia, eta barruko arropa guztiak. XVI-XX. mende arteko Euskal Herriko emakumezkoen jantziak,bai kanpotik, bai barrutik, nolakoak ziren ikusteko, eta itsuen kasuan, ukitzeko aukera emango du erakusketa bereziak.

Behin hiru euroko sarrera ordainduta, ikus entzunezkoen aretoan, hamar minutu eskaseko bideoa ikusiko da. Bit & mina komunikazio enpresak egin du, eta horretan, Jantziaren Zentroan ikusgai diren jantziak prestatzeko egindako lana, prozesu osoa ikus daiteke.
Jantziaren zentroa 1

Lehen solairuan, Herri Jantziak izenekoan, Euskal Herriko 14 jantzi daude ikusgai. 1890-1910 urte bitarteko jatorrizko jantziak dira, “baserritar jantzi” bezala San Tomas egunean kalean ikusten ditugun horien oinarria. Euskal Herriko bost probintzitako arropa da: Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoakoa.
Bitrina handi batean, Errenteriako XIX-XX mendeetako lantegietan egindako produktuak eta fakturak ikus daitezke: Lino, Fabril Lanera, Manta fabrika, Esmalteria, Olibet eta Perfumerias finas S.A.

Aretora sartu aurretik, esker eskuin, Errenteriako erraldoiek, Xanti eta Maialenek ematen dute ongi etorria. Buruak, 1919 garren urtekoak dira Errenteriako Udalak Madalen jaietarako erosi zituen lehendabizikoak.

Jantziaren zentroa 2
Bigarren solairuan, Jantziaren bilakaera izenekoan, 16 jantzi jarri dira. 1770-1920 urte bitarteko arropa da. Areto honetan, modaren aldaketa, urtetan janzkera nola garatu den ikusiko da. Jatorriari dagokionez; Londres, Estatu Batuak, Bordele eta Euskal Herriko hiru jantzi daude areto honetan. Bitxikeria gisa, esan, Donostiako “Gran Casinoko” kartak eta fitxak ikusiko ditugula bertan.
Jatorrizko jantzien bilduma, bi pisuak, sei hilabetero aldatuko dira, eta atariko solairuan, eskualdeko artisauek erakusketak jartzeko aukera izango dute.

Jantziaren Zentroa asteburutan irekiko da, larunbatetan goiz eta arratsaldez goizeko 11:00-14:00 etara eta arratsaldeko 17:00-20:00etara, igande eta jai egunetan 12:00-14:00 artean.

Prezioei dagokienez, Jantziaren Zentrorako sarrerak hiru euro balio ditu, eta bost urtetik beherako haurrentzat doan da. Bisita gidatuak egiteko aukera dago bost euroren truke, horretarako, aurrez ordua hartu behar da Errenteriako turismo bulegora deituta, 943 49 45 21 telefonora,edo Jantziaren Zentrora, 943 44 96 92 telefonora.

Gutxienez hamar laguneko taldea osatu beharko da bisita egiteko. Hilabeteko lehen igandetan euskaraz, eta bigarrenetan gazteleraz izango da. Ikasturtean, ikastetxeentzako bisita bereziak eskainiko dira.

 

jantziaren zentroa 3

Iraultza Dantza taldeak Jantziaren Zentroaren lagun egiteko kanpaina abian jarri du. Urtean, 30 euro ordainduta, trukean bi pertsonentzako bisita gidatua doan, urte osoko sarrera doan, eta antolatuko diren tailerretarako beherapenak eskuratuko dira.
Errenteriako Udalak bat egin du ahalegin garrantzitsu honekin eta ekin dio Iraultza Taldearekin batera lan egiteari; izan ere, horrelako ekimenek bat egiten baitute Errenteria 2025 plan estrategikoarekin. Azken batean, horrelako azpiegiturek eta proiektuek lortzen dutelako herriko Alde Zaharra gune sozial, kultural eta ekonomiko erakargarri bihurtzea.