27 lanpostu Errenteriako Udalean 2017ko lan-eskaintza publikoan

Jaione Karrikiri eta Jon CollarErrenteriako Udalak, kalitatezko enplegua sortu eta konsolidatzearekin duen konpromiso eta borondatea oinarri hartuta, 2017an 27 plaza izango duen lan-eskaintza publikoa egingo du, hoietatik 17 txanda irekian.

27 plazek osatzen duten eskeintza hau oso lan eskeintza ireki garrantzitsua da eta egungo legediak Udalari ezartzen dizkion mugak muturreraino eramaten ditu ahal den plaza gehienak eskainiz.

Hain zuzen ere, azken urteetan ezarritako legezko murrizketen ondorioz, zehazki 2008ko Estatuko Aurrekontu Orokorren Legearen ondoren, egun udal plantillaren % 29 bitartekoa da, eta LPE honen bidez behin-behinekotasuna % 20ra gutxituko da, era horretan langileen egonkortasuna sendotzeko.

Honako hauek dira lanpostuak:

– Txanda irekia. 17 plaza:

  • 1 zuzenbidean lizentziatua. 4. HE (Hizkuntza-eskakizuna)
  • 4 gizarte-laguntzaile. 3. HE
  • Udaltzaingoko 7 agente. 2. HE
  • Laneko medikuntzako 1 erizain. 3. HE
  • 1 ingeniari tekniko. 3. HE
  • 2 delineatzaile (plaza bat desgaituak betetzeko gordeko da). 3. HE
  • Elkarbizitza komunitarioko eta lankidetzako 1 teknikari. 3. HE

– Txanda itxia edo barne-promozioa. 10 plaza:

  • 1 Arreta zerbitzu integraleko arduradun. 3. HE
  • 3 administrari. 3. HE
  • 1 hezkuntza eta gazteriako teknikari. 3. HE
  • 1 kultura-dinamizatzaile. 3. HE
  • Brigada ibiltariko 3 ofizial. 2. HE (kontuan hartuko da)
  • 1 gizarte-zerbitzuetako zuzendari. 3. HE

LEPa eta plaza bakoitzerako hautaketa-proben deialdiak 2017an eta 2018an egingo dira.

Azkenik, plantillan hutsik dauden eta deialdi honetan sartu ez diren gainerako plazei dagokienez, nahiz eta horiek ere gobernu-taldearentzat lehentasunezkoak izan legegintzaldi-planeko proiektu estrategikoak burutzeko ─hirigintza, ingurumena, hiri mantenimendua eta kultura sailetakoak─ edo estrategikoak izan antolamendurako ─artxiboa, berdintasuna edo hizkuntza-politikakoak─, txanda irekikoak edo kanpo eskaintzakoak ez dira eskaintzen lehen aipatutako lege-mugengatik; barne-promozioko beste 11 plazak ere ezin dira orain deitu efikazia-kontuengatik, antolamendu-egiturak berak, alegia, giza baliabideen departamentuak, ezin diolako aurre egin deialdi gehiagori, are gehiago kontuan izanda manuek LEPa burutzeko ezartzen dituzten epeak. Hartara, plaza horien inguruko lan-eskaintzari etorkizunean helduko zaio.