Zaria Koru Eskolako jaialdia ospatuko dute larunbatean

Datorren larunbatean, ekainaren 16an, 20:00etan, Errenteriako eta Nafarroa Behereako hainbat ahotsek bat egingo dute Zaria Koru Eskolako jaialdian, Fatima Elizan.

Emanaldiak hiru atal nagusi izango ditu: batetik, Denis Olhagarairen zuzendaritzapean, Nafarroa Behereako eskoletako haurrek musika eta euskara uztartzen dituen bi kanta abestuko dituzte. Jarraian, Zaria Koru Eskolako partaide diren Zariagaz, Zariatxo eta Zaria txiki abesbatzen unea izango da. Bost abesti prestatu dituzte entzuleak txundituta uzteko asmoz. Azken atalean, Errenteriako Bizarain, Gamon, Egiluze, Koldo Mitxelena, Orereta eta Telleri ikastetxeetako ikasleak izango dira protagonistak. Baxe Nafarroako eskoletako ikasleekin eta Zariatxo eta Zaria txiki abesbatzako partaideekin batera, azken hiru kantuak abestuko dituzte.

Datorren kurtsorako izen ematea, zabalik

Datorren kurtsorako Koru Eskolako matrikulazio epea irekita dago. Ordutegi, matrikula, kuota edo beste edozein gairen gaineko informazio eskuratzeko info@zariakorueskola.eus helbidean edo 635200962 telefono zenbakian egin daiteke kontsulta.