Irailaren 29an egingo den Bizipozaren jaiko egitarauaren xehetasunak aurkeztu dituzte

2018ko Bizipozaren jaiko egitarauaren xehetasunak jakinarazi zituzten atzo prentsaurrekoan. Jaiaren antolatzaile diren erakunde eta elkarteen izenean ondorengoek hartu zuten hitza: Julen Mendoza Errenteriako Alkateak, Leire Elizegi Bizipoza elkarteko koordinatzaileak, Maite Gartziak Juneren Hegoak eta Mindara elkarteen izenean eta Tiritatxo Irrien Lagunak-eko lagunak, jaian parte hartuko duten eragileen izenean.

Irailaren 29an, larunbata, izango da jaia Errenterian eta 5 gune izango ditu: Irria gunea, Tximeleta gunea, Elkartasuna gunea, Ezberdin berdinak gunea eta Merkatuzarreko gunea. Gainera, egun osoz kale animazioa izango da gune guztietan zehar. Gune bakoitzeko ekintzak kartelean ikus daitezke.

Elkartasuna gunean egun osoan zehar Bizipoza osatzen duten elkarteak izango dira, eta goizeko 10:00etatik 11:45era Irrien Lagunak-eko pertsonaiek lagunduta, elkarteak ezagutu ahal izateko, familiei zuzendutako Piko-piko jolasa izango da.

Egun osoko ekitaldiak dohain izango dira, ordaindu beharrekoak soilik Pirritx Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna eta bazkaria izanik. Pailazoen emanaldirako sarrerak www.bizipoza.eus orrialdean daude salgai bost eurotan, eta baita ondorengo tokietan ere: Xenpelar kultur dendan, Arkaitza tabernan eta Kerata tabernan.

Bazkaria 1000 pertsonentzako izango da Merkatuzarren, eta 2 txanda izango dira bazkaltzeko 5 eurotan: 13:30etik 14:30era lehen txanda, eta 15:00etatik 16:00etara bigarrena. Bazkariko txartelak ere www.bizipoza.eus orrialdean eta lehen aipatutako denda eta tabernetan egongo dira salgai. Txartelak erosteko momentuan zein txandatan bazkaldu nahiko den aukeratu behar izango da. Bazkaria sarrerakoak, oilaskoa saltsan patatekin, postrea eta edariak osatuko dute.

FURIUS-eko lagunek “Egin zaidazu bisita” abestiaren dantza sortu dute, eta pailazoen
ikuskizunaren bukaeran FURIUS-ekin batera, berau dantzatzeko aukera izango dugu.

Egun horretan, Info7 irratia eta Oiartzun irratiarekin elkarlanean, gune guztiak lotuko dituen irratia egongo da Errenterian. Bertan elkarrizketak, elkarteen berri eta abar izango dira.

Bestalde, egunean zehar hainbat eragile, ostalari eta tabernek emandako opariekin osatutako Elkartasun tonbola bat izango da, eta bertan 2000 oparitik gora banatuko dira: tablet-a, bodyboard-ak, liburuak, drome-a, bazkariak…

Jaiari buruzko informazioa www.bizipoza.eus orrialdean dago eskuragai eta Bizipoza elkartearen Facebook eta Twitter kontuetan ere.

Boluntarioak

Bestetik, jai hau auzolanean antolatzeko nahitaezkoa izango da egunean bertan boluntario lanak burutuko dituzten norbanakoen laguntza. 177 boluntarioren lana aurrikusi da, eta beraz, Errenteria eta Oarsoaldeko herritarrei boluntario lanetan aritzeko gonbitea ere luzatu zaie.

Boluntario gisa egin ahal izango diren lanak zeintzuk diren, ordutegiak… orrialde honetan zehaztuak daude, eta izena emateko hainbat bide daude: web orrian izena emanez, ilargi@bizipoza.eus helbidera idatziz, 688744832 telefonora deituz, goizetan Juneren Hegoak-en egoitzan izena emanez, edo udaletxeko harrera bulegoan.