Bizikleta Festa ospatuko da Mugikortasunaren Europako Astearen baitan

Errenteriako Udalak beste urte batez hartuko du parte Mugikortasunaren Europako Astean. Aurten, Irailaren 16tik 22ra bitartean burutuko da ekimen hau “Mix & Move – Konbinatu eta mugi zaitez” lelopean.

Sentsibilizazio-kanpaina honen bidez Europar Batasunak animatu egiten gaitu garraiobide desberdinak erabil ditzagun, guztiak konbinatuta, modu eraginkor, azkar eta iraunkor batean bidaiatzeko eta aurrezteko; garraio publikoa erabiliz eta bizikletaz, oinez edo patinetean mugituz.

Errenteriako Udalak mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua egin du, eta horren adibide bat da 2016an onartutako “Oinezko eta Txirrinda bidezko Mugikortasuneko Udal Plana”. Estrategia honen helburu nagusia da txirrindaren erabilerari bultzada handia ematea eguneroko garraio sistema bihur dadin: bidai guztien %1etik %5era igarotzeko, eta gaur egungo bidegorri sarea 12 km-tik 25era luzatzea.

Errenteriako ekimenak

Bizikleta martxa (irailak 22, larunbata):

Jarduera Errenteria barneko errepidetik egingo den martxa kontrolatu batean datza, adin bakoitzak ordutegi ezberdina izango duelarik. Ordu-erdi inguruko martxa bat izango da, irteera eta helmuga Biteri kalean izango dituena.

  • 10 urte eta txikiagoak (baita guraso, laguntzaileak, … ere): 11:30ean Biteri Kalean.
  • 11 urte eta hortik aurrera (baita guraso, laguntzaileak, … ere): 12:30ean Biteri Kalean.

Errenteriako Udalak parte hartzeko gonbidapena egin nahi die Oarsoaldeko ikastetxe guztiei jarduera honekin bat egin dezaten. Era berean, ikasleak zein gurasoak eta herritarrak oro har gonbidatu nahi ditu ikasleekin batera martxan parte har dezaten.

“VII Txirrinda Ibilaldia” honetan parte hartzea doakoa da eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Derrigorrezkoa da kaskoa erabiltzea.

Bigarren eskuko bizikletaren azoka arrakastatsua

Joan den ostiralean bigarren eskuko bizikletaren azoka ospatu zen Gamon zumardian. Azoka honen bigarren edizioa arrakastatsua izan zen eta jende ugari gerturatu zen bizikletak saldu edo erosteko. Guztira 60 bizikleta eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako beste 20 objektu inguru jaso ziren gordailu zerbitzuan eta erdiak saldu ziren; horrela, haien berrerabilera sustatuz, bizitza luzatzen lagundu da.

Jarri zure bizikleta puntuan

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa departamentuak bizikleten doako azterketa teknikoa den ekimena bultzatu dute. Hori horrela, MUGI txartel pertsonalizatua aurkezten duten erabiltzaileei bizikletaren azterketa teknikoa egingo zaie, doan. Gipuzkoako hainbat bizikleta dendetan egiteko aurkera izango da eta Errenterian Khubikes bizikleta dendan (Nafarroa etorbidea 30) egiteko aukera izango da.

Oinarrizko azterketa, besteak beste, gurpilen presioa, gurpil-azalen egoera, gurpilak egoki dauden, aldagailuak, frenoak eta bizikletaren segurtasuna neurtuko dute.