Niessen Kulturguneak arte eszenikoez gozatzeko aukera bikainak dakartza udazkenean

Udazkenak arte eszenikoen eskaintza zabala dakar Niessen Kulturgunera, gustu eta adin guztietarako. Hala azaldu dute, gaur, urriak 19, Ion Collar Kultura zinegotziak eta Iker Tolosa Kultura teknikariak Niessen Kulturguneko hall berrituan egindako prentsaurrekoan. Eurekin, Ibai Maritxalar artista errenteriarra ere izan da.

Tolosak datozen hilabeteotan Kulturgunean izango diren ikuskizunen zertzelada batzuk eman ditu hasteko: “Izaera oso desberdineko pertsonaiak izango dira oholtza gainean: Edith Piaf, kontakizun izatera iritsi ez diren zakarrontzira botatako orriak, euren bizipenak konpartitzera datozen bisitariak, zazpi senideren istorioak irudikatuko dituzten bi anaia, beti erne egon behar diren postariak, enara bizardunak edo hiltzear den azken euskalduna”.

Helduei zuzendutako antzezlan batekin emango zaio hasiera denboraldi berriari igandean, hilak 21, 2018ko Max Saria jaso duen Kulunka Teatro konpainiaren ‘Edith Piaf. Taxidermia de un gorrión’ lanarekin, 19:00etan. Ondoren etorriko dira, Khea Ziater taldearen ‘Los vistantes’ (azaroak 10, 20:00etan), Axut! konpainiaren ‘Zazpi senideko’ (azaroak 18, 19:00etan) eta Tartean konpainiaren ‘Ghero’ (abenduak 16, 19:00etan) obrak.

Halaber, familiek ere izango dute arte eszenikoez gozatzeko aukera: Mons Dansak Wabi-Sabi ikuskizuna ekarriko du Errenteriara urriaren 26an. Azaroaren 30ean, Benetan Be konpainiaren ‘Inondik inora’ antzezlanaren txanda izango da eta abenduaren 14an, 2princesesbarbudes taldearen musikak hartuko du kulturgunea, ‘Enaren kontuak’ ikuskizunarekin. Guztiak euskaraz eta 18:00etan.

Horrez gain, ‘Atarian’ ekimenaren berri eman nahi izan du Kultura teknikariak, eta igandetan programatzen diren helduentzako ikuskizunen ostean, publikoak artistekin solasaldi bat izateko aukera izango duela adierazi du: “Esperientzia berriak eskaini nahi dizkiegu herritarrei eta arte eszenikoen esparrua barrutik ezagutzeko aukera eman. Horretarako, Kulturguneko hallean biltzen gara, kopa bat ardo eskaintzen dugu eta lagunartean, berriketan aritzen gara. Giro berezia sortzen da ikusle eta artisten artean”. Ainara Gurrutxaga antzerkigile eta kazetari errenteriarrak gidatzen ditu solasaldiak eta hiruhileko honetan, ‘Edith Piaf. Taxidermia de un gorrión’, ‘Zazpi senideko’ eta ‘Ghero’ antzezlanek eskainiko dute atarian geratzeko aukera.

Ikuskizunen prezioak ere gogorarazi ditu Tolosak: helduentzako ikuskizunen sarrera 8 euroan eros daiteke eta familiei zuzendutako ikuskizunena 3 euroan. Gainera, Kultura txartelaren titularrek %20ko deskontua dute.

Sarrerak erosteko aukera ezberdinak daudela ere esan du. Niessen Kulturguneko harrera bulegoan, astelehenetik ostiralera, 10:00etik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Ikuskizunaren egunean bertan, Kulturguneko leihatilan, ordubete lehenago, edo on-line, bibe.me webgunean.

Aurkeztutako programazioa kultur proiektu baten barruan ulertzen du Tolosak eta hala, bere helburuetako bat maila publikoan zein pribatuan elkarlana sustatzea dela ere aipatu du. Bide honetan, Niessen Kulturgunea Sarea, Euskadiko Antzoki sareko eta Platea, Estatu Mailako Arte Eszenikoen programako kide dela azpimarratu du eta horrez gain, bi konpainia egoiliarren etxea ere badela: Kukai Dantza eta Dejabu.

Artelan bat Niessenen

Bere aldetik, Ion Collar Kultura zinegotziak herritarrak eta kultura elkarrengana hurbiltzeko garrantziaz hitz egin du: “Herritarrak Niessenera, kulturara, erakarri nahi ditugu eta horretarako, kalitatezko ikuskizunak programatzea eta esperientzia berriak bizitzeko aukera ematea funtsezkoa da”.

Esperientzia horiek “goxoagoak” izan daitezen, itxura aldatu diote auditorioko hallari. Eta itxuraldatze horretan, kokaleku berezia du Ibai Maritxalar artista errenteriarrak 2013an margotutako ‘Luisa’ artelanak. Maritxalarrek obraren urte beteko lagapena egin dio Errenteriako Udalari eta zinegotziak publikoki eskertu nahi izan du artistaren keinua.

Bestalde, “termometro lana” egiteko eskatu die herritarrei Collarrek: “Jakin nahi ditugu publikoaren iritziak eta iradokizunak eta horretarako, horien berri izateko, ‘Espientzien koadernoa’ edo iritziak jasotzeko orriak jarri ditugu Kulturgunean”.

Amaitzeko, Kultura zinegotziak adierazi du, herritarrek programazioaren informazio guztia eskura izan dezaten, Banbalinak izeneko arte eszenikoen agenda argitaratzen duela Udalak urtarriletik, eta “gaur bertan” ekingo diotela agenda berria eraikin publikoetan, Turismo bulegoan eta beste hainbat establezimendutan banatzeari.