‘Errenteria 1936-1945: Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa’ ikerketa aurkeztu dute

Giza Eskubideak 2019-03-04 | 0

Errenteria 1936-1945: Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan izeneko ikerketa aurkeztu dute Julen Mendoza alkateak eta Garbine Oiarbide -EAJ-, Ion Collar -Errenteria Irabaziz-, José Ángel Rodriguez -PSE-EE- eta Garazi Lopez de Etxezarreta -EH Bildu-, udal taldeetako bozeramaileek. Ikerketa jasotzen duten liburuen bilduma martxoaren 18tik aurrera eskuratu ahal izango dira. 

2016ko uztailaren 19an, Errenteriako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien adostasunarekin, Udalbatzak, aho batez, erabaki hau hartu zuen:

(…)ikerketa bat egin behar zen gerran eta gerraostean gertatutako egitateen eta giza eskubideen zapalketen magnitudea zehazteko.(…)”.

Horretarako, Errenteriako Udalak Aranzadi Zientzia Elkartearekin kontratatu zuen “Giza Eskubideen urraketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismo garaian Errenterian 1936-1945” ikerketa osatzea. Ikerketa 2017ko urrian jarri zen abian.

Urte t’erdi gutxi gora behera igaro ondoren ikerketa lana bukatu da eta Gerra Zibileko eta lehen frankismoko biktimei egia eskaintzeko moduan gara. Ikerlaria Amaia Rodriguez Oñatibia izan da, Arazadi Zientzia elkarteko historialaria eta guztira 750 bat orritan jaso ditu ikerketaren emaitzak. 3 liburukitan banatu dute informazio guztia eta liburuki bakoitzeko 1500 ale argitaratuko ditu Udalak. Ale hauek dohainik eskuratu ahal izango dituzte interesdunek.

Biktima guztien berri jasotzen duten hiru liburukiak martxoaren 18tik aurrera egongo dira eskuragai Errenteriako Udaleko Zu! Arreta zerbitzuan eta Udal Liburutegietan, Madalena Kalekoan eta Beraungoan.

Honekin batera Martxoaren 15ean biktima guztiekin ekitaldi bat egingo da Niessenen ikerketaren emaitzak biktima guztiei eta beraien familiei aurkezteko. Bertan, ikerketaren egileak lanaren nondik norakoak aurkeztuko dituzte. Egun horretan bertan gonbidatuei liburuak emango zaizkie.

Hauek dira hiru liburukien indizeak:

I LIBURUKIA (208 orri)

AURKEZPENA

1. ERRENTERIA ERREPUBLIKA GARAIAN

2. GERRA HASI ZENETIK ERRENTERIA FRANKISTEK HARTU ZUTEN ARTE

3. EMAKUMEEN AURKAKO ERREPRESIO FRANKISTA

4. BIBLIOGRAFIA ETA ITURRIAK

II. LIBURUKIA (300 orri)

1. ERRENTERIARREN AURKAKO ERREPRESIOA LEHEN FRANKISMOAN

2. LEKUKOTZAK

3. BIBLIOGRAFIA ETA ITURRIAK

III. LIBURUKIA (240 orri)

1. IZENAK

2. GIZA ESKUBIDEEN URRAKETA ETA BESTE SUFRIMENDUEN LABURPENA, ZENBAKITAN

3. BIBLIOGRAFIA ETA ITURRIAK

Ikerketa lanean testigantzak jaso dira eta horrekin batera artxibo desberdinak arakatu. Datu batzuk jarraian emango ditugu:

1891 izen eta hauek guztien bibliografia labur bat jasotzea lortu da. Honek hala ere, ez du esan nahi etorkizunean gehiago jasoko ez direnik. Ikerketa honek bizirik segiko du.

Lehenengo liburukian emakumeen aurkako errepresioari eskaini zaio kapitulu bat.

Datu orokorrei dagokienez, 9.000 bat biztanleko herria zen Errenteria. Hauetatik, 862 gudari eta miliziano joan ziren gerrara. Gudulari horietatik 99 gerran hil ziren. Bando frankistak Errenterian erreklutatutako gudularietatik, 51 gerran hil ziren. 274 pertsona epaitu zituzten gerra-kontseilu frankistetan; 20 heriotza-zigor ezarri zituzten eta 8 gauzatu ziren. Gerran judizioz kanpoko 29 fusilamendu izan ziren. Frankisten bandoan 75 preso eta 11 fusilatu izan ziren.

Udaleko 22 langileri espedientea zabaldu zitzaien, Guztira 35 udal langile kaleratu zituzten. 154 haur atzerrian errefuxiatu eta beren familiengandik bereizi zituzten, hainbat kasutan urte luzez. Errenteriako biztanleen erdiak herritik atera behar izan zuten eta ehunka preso egon ziren baldintza eskas eta penagarrietan Langile Batailoietan.

.

No comments yet.

Utzi erantzuna