Asteburuan Alzheimerrari buruzko hitzaldia eta kontzertua egongo dira AFAGI elkartearen alde

Niessen Elkarteko, AFAGIko eta Easo Abesbatzako kideak

Niessen Elkarteak, hainbat elkarteri laguntzeko helburuari jarraiki, bi ekimen antolatu ditu asteburu honetarako. Jarduera horiek AFAGIren (Gipuzkoako Alzheimerdunen eta Bestelako Dementziadunen Senitartekoen eta Lagunen Elkartea) alde izango dira, eta haien helburua izango da gaixotasuna agerian jartzea zein haren inguruan kontzientziatzea.

Lehenengo ekimena Koldo Aulestiak, AFAGIko lehendakariak, eta Jon Kortajarenak, AFAGIko Kudeaketa Batzordeko kideak eta elkartearen Oarsoaldeko arduradunak, emango duten hitzaldia izango da. Bertan gizarteak Alzheimerra ezagutzearen garrantzia jarriko dute mahai gainean eta gaixotasunak familia arloan duen eraginari buruz ere arituko dira.

Izan ere, gure gizartean intzidentzia handia duen gaixotasuna da: Gipuzkoan 12.000 gaixo inguru daude, eta horietatik 1.271, Oarsoaldean.

AFAGIko kideek gogorarazi dute Alzheimerra mantsotzen laguntzen duten terapiak badaudela, gaixotasunaren lehen fasean ezartzen hasten badira, eta aurten hasi dira, hain zuzen ere, Errenterian zerbitzu hori ematen. Horretan datza, besteak beste, goiz antzematearen garrantzia.

Hori guztiarengatik da hain premiazkoa familiek eta gizarteak Alzheimerrarekin bizitzen ikastea eta gaixotasuna inguratzen duen estigmarekin bukatzea.

Hitzaldia ostiralean izango da, martxoaren 15ean, Niessen Elkartean (Biteri kalea, 20), 19:00etan.

Antolatutako bigarren ekimena da Easo Emakumeen Abesbatzaren kontzertua izango da. Abesbatzak Gorka Mirandaren zuzendaritzapean abestuko du igandean, hilak 17an, Maria Magdalenaren basilikan, 12:30ean.

Mirandak azpimarratu du musikaren onura hainbat terapietan, tartean, Alzheimerrarenean. Gainera, adierazi du abesbatza emakumeena izatea ez dela kasualitatea, hain zuzen ere emakumeek izan ohi baitute gaixotasunarekin harreman estuagoa zaintzaren eta gizarte- eta osasun- ikuspegitik.

AFAGIrentzat laguntza

Bi jarduerak doakoak izango dira, baina kutxa bat egongo da nahi duenak ekarpenak egin ditzan, eta jasotako dirua AFAGIri emango diote.