Galtzarabordako kiroldegia igande eta jaiegun arratsaldeetan zabalik egongo da eta goizez ordutegi zabalagoa izango du apiriletik aurrera. Lanegunetan 6:30ean irekiko da

Serviociorekin 10 urterako sinatutako kontratua amaitu ondoren, Errenteriako Udalak lehiaketa publiko bidez esleitu dio kirol-ustiapena kudeatzeko zerbitzua BPXPort Kirol Zerbitzuak, S.L.U. enpresa gipuzkoarrari.

Kontratu berria indarrean sartuko da apirilaren 1ean. Zerbitzuaren antolaketak ez du aldaketarik izango kudeaketari dagokionez. Adibidez, tarifa bakarreko sistema eta ikastaroetarako zirkulazio askea mantenduko dira Galtzarabordako eta Fanderiako instalazioetan. Prezioak ere bere horretan mantenduko dira.

Alabaina, kontratu berriak hainbat hobekuntza ekarriko dizkie kirol-instalazioen erabiltzaileei. Abantaila nagusiena da Galtzarabordako kiroldegiaren ordutegia zabalduko dela apirilaren 1etik aurrera. Egun horretatik aurrera, igande eta jaiegunetan arratsaldez ere zabalik egongo da 16:00etatik 20:00etara (udan izan ezik), aisialdiko eta jarduera fisikorako eskaintza zabaltzearren. Hartara, ordutegi hori mantenduko da irailetik ekainaren erdialdera, udako igerilekuak ixten direnetik berriz zabaldu arte.

Eskaintza hobetu da pertsona goiztiarrentzat eta lehiaketazko kirolerako
Halaber, Galtzarabordako kiroldegia ordu eta erdi lehenago zabalduko da lanegunetan, 8:00etan beharrean 6:30ean irekiko baita.

Orobat, larunbat, igande eta jaiegunetan ere instalazioak ordubete lehenago zabalduko dira, alegia, 9:00etan beharrean, 8:00etan. Larunbat arratsaldeetako ordutegia ere luzatu egingo da, 22:00etan itxiko baitira, 21:30ean beharrean. Aldaketa horiek guztiek federatuen esparruko lehiaketa beharrak asetzeko eta eskola-kirolaren ordutegi-eskaintza zabaltzeko aukera emango digute.

Egungo kontratua amaitzeak aukera emango digu lizitazioaren bidez hainbat behar eta eskaerari erantzuteko. Izan ere, ordubete lehenago zabaltzeak edo beranduago ixteak aukera emango digu partida gehiago programatzeko federatuei eta kirola-eskolari dagokienez, eta esparru pertsonalean, beren eguneroko zereginak kirola egitearekin bateratu nahi dituztenei aukera zabalagoa eskainiko die. Familiei dagokienez, aisialdiko eta jarduera fisikoko eskaintza zabalduko du.

Kontratu berria urtebeterako sinatuko da, beste urtebete luzatzeko aukerarekin, eta epe hori baliatuko da aldaketen bilakaera aztertu eta zerbitzua baloratzeko, hurrengo lizitazioa aurreikusten baita epe luzeagorako izatea.

Ordutegi berriak eta egutegia hemen deskargatu daitezke.