Iritsi dira Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren doinuak

Ekainaren 2an Errenterian egingo den Euskal Eskola Publikoaren Jaiko abestia eta bideoklipa aurkeztu dituzte.

Yon Figueroak sortutako abestiari Oneka Oliverik jarri dizkio hitzak, eta Arkaitz Miner arduratu da abestiarekin lotutako koordinazio lan guztiaz. Bideokliparen kasuan, Ayar Salazar eta Gotzon Santaolaya aritu dira zuzendari lanetan.

Hona hemen abestiaren letra eta bideoklipa:

MAKINA BAT TAUPADA

Euskal Eskola Publikoak
Errenterian bota du aingura,
eenontzat zabalik dago
Euskal Herritik mundura.

Hezkuntza aukera paregabea
etorkizunez dago betea,
zu eta ni engranajea,
jar dezagun martxan katea.

Makina bat taupadek
ematen diote bizia,
Euskal Eskola Publikoa
gure geroaren hazia.

Gure herriko kaleetako
argazki baten tankeran,
jatorri eta izaera ugaritako
lagunak gaude ikasgelan.

Euskalduna eta anitza,
horrelakoa baita bizitza,
hezkuntza gizartearen giltza
entzun dezatela gure hitza!

Makina bat taupadek
ematen diote bizia,
Euskal Eskola Publikoa
gure geroaren hazia.

Elkarlanean bagoaz aurrera
denek izan dezagun aukera bera.
Zu ere gurekin batzen al zera?
Bultza dezagun denok batera!

Ekainaren 2an dugu zita,
prestatu eta zatoz, “ti-ta”!
“Errenterian bizi gara eta
egin zaiguzu bisita!”

Euskal eskola publikoaren kafe tertuliaren bideoa

Bestalde, Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren baitan, 2018ko abenduaren 1ean Oarsoaldeko ikastetxe publikoetako hainbat ikasle ohi, irakasle eta guraso Merkatuzarren elkartu ziren, eskola publikoari buruzko gogoeta egiteko. Eskola publikoak Errenterian izandako bilakaerari buruz hitz egin zuten, eta etorkizunerako zer-nolako eskola irudikatzen duten ere azaldu zuten.

Hona hemen egun hartan ateratako ondorioak biltzen dituen bideo laburra: