Herritarrekin batera ospatuko dituzte Xanti eta Maialenek 100 urteak asteburu honetan

Gaur aurkeztu dituzte Xanti eta Maialenen mendeurrena ospatzeko asteburuan herriko kaleak beteko dituzten ekintzak.

Aurkezpenean parte hartu dute, Erraldoi eta Buruhandien konpartsaz gain, ospakizunarekin bat egingo duten beste hainbat taldek.

Konpartsako kidea den Imanol Etxeberriak nabarmendu du hasiera-hasieratik argi izan zutela hain berezia den urteurren hau haien jendearekin, herriko jendearekin, ospatuko zutela.

Hortaz, herriko hainbat kultur eragile eta talderekin harremanetan jarri ziren ospakizunean parte hartzeko gonbitea luzatzeko eta baiezkoak besterik ez zuten jaso. Horrela sortu zuten gaur aurkeztutako egitarau zabala.

Egitaraua

Ekintzak ostiralean hasiko dira, uztailaren 5ean, 19:00etan. Ordu horretatik aurrera Xanti eta Maialen nola prestatzen dituzten ikusteko aukera egongo da lehen aldiz. Hau da, nola janzten dituzten eta abar. Izan ere, herriko haurrek Madalenetan urtero ikusi nahi izaten duten zerbait da hau. Beraz, ostiralean aukera hori izango dute Herriko plazan.

Egun handiena larunbata izango da. Goizean, Xanti eta Maialen erdiguneko kaleetan barrena ibiliko dira, sospresaz josita egongo den ibilbide batean.

Desfilea 11:00etan hasiko da Herriko plazan, eta Zumardira abiatuko dira. Bertan Oarsoirriakeko lagunekin dantzatuko dute. Hortik Niessen elkarterantz abiatuko dira, eta Biteri kalean herriko lau danborradekin bat egingo dute. Niessenen danborradekin batera pieza bat dantzatu ostean, hori bera egingo dute Kutxa parean, eta ondoren banandu egingo dira: danborradek Biteri Txikitik jarraituko dute, eta konpartsa Foru plazara (Xenpelar) joango da. Foru plazan bi pieza oso erraz eta ezagun dantzatuko dituzte Beti Prest dantza taldearekin eta animatzen den ororekin batera. Horren ondoren, Sindikato tabernarantz abiatuko dira eta bertan Kuadrilen egunaren kideekin dantzatuko dute. Azkenik, Udaletxera bueltatuko dira eta parean egingo dute berriro ere dantza, kalejira bukatzeko, bertan parte hartu dutenekin eta muxiko eta trikitixarekin.

Gauean kontzertu berezi batek girotuko du Herriko plaza, 22:30etik aurrera. Emanaldi hori Udal Musika Bandak, Txistulari Taldeak, Landarbaso abesbatzak, bertsolariek eta dantzariek eskainiko dute.

Abesbatzaren zuzendari den Iñaki Tolaretxipik adierazi du 2016 urtean Landarbasoren urteurrena zela eta eman zuten eta oso berezia izan zen kontzertua hobetzen saiatu direla, bereziki alderdi teknikoa.

Antolatzaileek azpimarratu dute, halaber, tokia mugatua dela, eta garaiz iristea komeni dela.

Erakusketa

Azkenik, Ion Collar Kultura sailaren zinegotziak Xanti eta Maialenen inguruko erakusketaren berri eman du. Erakusketa Xenpelar Etxean egongo da ikusgai uztailaren 5etik 27ra, eta bertan ikusi ahal izango dira, besteak beste, gaur egungo zein 60. hamarkadako argazkiak. Gainera, 64-65 urteetako jaietako bideo bat ere proiektatuko dutela azaldu du.