Esklerosi anizkoitza pairatzen duten pertsonen aldeko ‘Busti zaitez’ kanpaina, Errenterian

Datorren igandean, uztailak 14, Euskadiko 80 igerileku eta hondartzatan “Busti Zaitez- Mójate por la Esclerosis Múltiple” kanpainaren 22. edizioa egingo da, Euskadiko Esklerosi Anizkoitzaren Fundazioak antolatuta.

Errenteriako Udala jarduera honetan berriro ere lankidetzan arituko da, beste urte batez, Fanderiako Udal Igerilekua solidaritate egun horretan parte hartzeko gaituko den instalazioetako bat izango baita.

“Busti Zaitez – Mójate” ekintza solidarioa da. Bertan milaka lagunek parte hartzen dute eta programarekin bat egindako igerilekuetara edo hondartzetara joaten dira. Horrela, gaixotasun hau sufritzen duten pertsonak laguntzeko igeri egiten dute ekintza sinboliko batean. “Bustitzen” diren guztiek egiaztagiria jasotzen dute, eta, eguna bukatzean herri guztietako igeri egindako metro guztiak batzen dira. Antolatzaileek stand bat muntatuko dute Fanderiako instalazioetan gaixotasunari buruzko informazioa banatzeko eta Kukuxumusuk kanpainarako sortutako produktuak saltzeko (kamisetak, txanoak, motxilak, zapiak,…).

Egun horren helburu nagusia da gizartea sentsibilizatzea eta informatzea, batez ere 18 eta 35 urte bitarteko gazteei eragiten dien gaixotasun neurologiko kroniko eta ezgaitzaile honek ematen dituen arazoei buruz.

Esklerosi Anizkoitzaren Euskal Fundazioa dirua irabaztea xede ez duen entitatea da eta onura publikokotzat jotakoa. Esklerosi anizkuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko lanean dihardu. Helburu horrekin, errehabilitazio integralerako eta bestelako gaixotasun neurologikoetarako zerbitzuak eskaintzen ditu. Kanpaina ugari antolatzen ditu gizartea sentsibilizatu eta dirua lortzeko, horiek beharrezkoak baitira eskaintzen diren errehabilitazio zerbitzuak finantzatzeko.