Energiaren eta klima aldaketaren inguruan ikasleek aurkeztutako proposamenei erantzuna eman die alkateak

Martxan dago Errenteriako ikastetxeetan aurtengo Eskoako Agenda 21 programa. Atzo alkateak iaz aurkeztutako proposamenei erantzuna ematearekin batera, aurtengo ekimena aurkeztu zuten. Iaz jorratutako gaia Energia eta Klima Aldaketa izan zen. Gaiaren gaurkotasuna eta garrantzia kontuan izanik, 2019-2020 ikasturtean jarraipena egitea erabaki dute ikastetxeetan. Ikasturte honetan Klima Aldaketaren ikerketari ekingo diote, oraingoan Elikadura Jasangarriaren ikuspuntua oinarritzat hartuta.

Orain arte proiektuan zeuden 7 ikastetxeetaz gain, Bizarain ikastola LH eta DBH, Cristobal Gamon LH, Telleri-Alde ikastetxea, Egiluze ikastetxea, Koldo Mitxelena institutua eta Don Bosco ikastetxea, aurten, ikastetxe berri bat gehitu zaio taldeari, Orereta ikastola, hain zuzen ere. Beraz, ikasturte honetan, adin ezberdinetako 4.800 ikasle inguru izango dira Elikadura Jasangarriaren inguruan lanean arituko direnak.

Atzoko topaketan, Aizpea Otaegi alkateak ikastetxeetako ordezkariei ongietorria eman ondoren, proposamenak banan bana erantzun zituen. Hauek bost multzotan taldekatuta aurkeztu ziren: mugikortasuna, energia, hondakinak, ura eta bestelakoak.

Mugikortasunaren inguruan, urbanoaren zerbitzua handitzea, merketzea eta elektrikoak jartzea eskatu zuten ikasleek. Alkateak esan bezala, zerbitzuaren maiztasuna aldatuz doa beharren arabera baina prezioa ez du Udalak jartzen. Gurea herri malkartsua denez, zaila eta oso garestia izango litzateke autobus elektrikoak ipintzea baina urteak aurrera joan ahala, hobekuntzak etorriko direla aipatu zuen. Udalak hirigintzako plan berria kontratatu du eta eskatutako bidegorriaren handitzea barne dago.

Energiari dagokionez, farolen eta eraginkortasunaren inguruan aritu ziren. Baita berriztagarrien inguruan ere. Udalak duen argindarraren hornidura %100a berriztagarriekin egiten da, herrian eguzki panelak ugaritzeko plana dago eta horietako batzuk, autokontsumorako izango dira, adibidez, Niessenen eta Lekuona kultur zentro berrian. Kaleko argiteria ere pixkana aldatzen doa eta 2023an gehiena LED teknologiakoa izango da. LHko ikastetxe publikoetan dagoen 50/50 proiektua ere eraginkortasunaren ildotik doa. Horretaz gain, herritarrak ere ekintza praktikoak martxan jartzeko urtero ikastaroak burutzen dira (Argitu…).

Hondakinen inguruan, ikasleek egindako eskaerei erantzunez, alkateak aipatu zuen kalean gaika biltzeko zakarrontzi gehiago jarriko direla, ikasleek esan bezala, auzo batzuetan ez daudelako. Materia organikoaren bilketa nahitaezkoa dela eta egia dela txakurren kaken arazoa oso larria dela. Laguntza eskatu zien ikasleei herrian garbitasuna mantentzeko ideiarik badute, proposatzeko.

Urari dagokionean, Forum ondoko iturria konpondu da, eskatu bezala. Ados agertu zen ura zaintzearen garrantziaz, eta Udala adi egongo da aurreztu behar den lekuetan kontrola zorroztuz. Euri ura lorategiak ureztatzeko erabiltzearen ideia ere oso ona iruditu zitziaon. Baina horrek, azpiegiturak eskatzen ditu eta une honetan behintzat, ezin dira martxan jarri. Agian etorkizunean, antzeko zerbait egiten baita Arramendiko baratzetan.

Eskaeren azken atalean, berdeguneak eta zuhaitz gehiago landatzea eskatu zuten ikasleek. Eraikita dauden lekuetan berdeguneak sartzea zaila dela aipatu zuen alkateak baina ahaleginduko direrla aldiro zuhaitza berriak landatzen. Bigarren eskuko azoken inguruan, gogorarazi zuen hileko hirugarren igandero Zumardian burutzen dena. Baita mugikortasunaren astearekin lotuta irailean egin berri den bizikleten azoka ere. Aurten adibidez, 50 bizikleta saldu/erosi dira.

Alkatearen azalpenen ondoren, hitza ikasleentzat izan zen. Hainbat galdera egin zituzten, adibidez, farolen eta argi sentsoreen inguruan, hondakin bereziak biltzen dituen edukiontziaren inguruan… Bukatzeko, datorren maiatzean elkartzean proposamen berriak oso gustura jasoko zituela esan zuen Otaegik, eta guztiek batera argazkia ateraz agurtu zituen ikasleak.