Gau Beltza antolatu du Orereta Ikastolak, herriko hainbat eragilek lagunduta

Amulleta tanbor kofradia, Landarbaso abesbatza, Urdaburu mendizale elkartea, Ereintza dantza taldea, Errenteria Musikal, Xenpelar AEK euskaltegia eta Zaria koru eskola dira aipatu eragileak.

Gau Beltza antolatu du Orereta Ikastolak urriaren 31ko ilunabarrean, herriko hainbat eragilek lagunduta. Kalabazaren Bidea da proposamena; arratsaldeko 19:30ean Jautarkol plazatik abiatu eta herriko hainbat kaletatik pasa ostean, ordubete ingururen buruan, Lehendakari Agirre plazan amaituko den sorpresaz betetako bidea, hain justu.

Kalabazaren gurdiarekin, trikimako gaineko orekariekin, dantzan zein musikaz eta kriseilu nahiz lastargien argipean, mozorrotuta, egingo da uzta garaia agurtu eta neguan sartzeko Kalabazaren Bidea. Eragile laguntzaileen emankizunak ikusi ahal izango dira ibilbidean zeharreko hainbat txokotan: txalapartariak herriko enparantzan, Landarbaso abesbatzako Kontari eta Dizdizka taldeen emanaldia Mikelazulon, Urdaburuko eskalatzaileak Maddalen kalearen amaieran, Ikastolako antzerki-tailerreko ikasleen ikuskizuna azken horien alboan (Gernika artelanaren muralaren pean), trikitilariak Zumardian…

Lehendakari Agirre plazako emanaldian, Errenteria Musikaleko dantza-ikasleek Gau Beltzerako prestatutako dantzaldiaz, eta Zaria koru eskolaren eta Landarbaso abesbatzako haur eta gazteen taldeen kantaldiaz gozatu ahal izango da. Hori amaituta, beldurren eltzean izuak erreko dira eta suzko zezenarekin emango zaio bukaera festari, 21:00ak aldera. Mokadu gisa, kalabaza pastela, gaztaina erreak eta sagardoa eskainiko zaizkie herritarrei. Horri lotuta aipatu, herritarrak Kalabazaren Bideari ekin aurretik Lehendakari Agirre plazan etxean egindako kalabaza pastelak uztera animatu nahi dituztela antolatzaileek; baita Bidean bertan parte hartzera ere, ahal izatera mozorrotuta. Izan ere, Gau Beltzak herritik herriarentzat sortutako festa izan nahi du.