Eraso sexisten aurrean herritarrei jarrera aktiboa izateko deia egiten dieten plakak jarri dituzte herriko lau sarreretan

Errenteriako Berdintasun Kontseiluak herriko lau sarreretan Errenterian eraso sexistei aurre egiten diegu. Lesbofobia, homofobia, transfobia, bifobia eta interfobiarik gabeko udalerria mezua duten plakak aurkeztu ditu.

Mezu hau zabaldu nahi du Kontseiluak:

“Gaur egun, oraindik ere badugu gizarte heteropatriarkal bat, emakumeak eta gizonak desberdintzat jotzen gaituena. Gizarte, ekonomia eta politika arloetan ikusten da desberdinkeria hori eta indarkeria matxistak dira desberdinkeria horren ondoriorik muturrekoenetako bat.

Indarkeria matxista deritzogu emakumeen aurkako eta heteroaraua hausten duten gizon-emakumeen kontra kontrol eta diskriminazio moduei. Emakume izate hutsagatik eta heteroarau hausteagatik egoera gogorrak bizi izaten ditugu eta eragin zuzena izaten dute indarkeria matxista horiek gure eguneroko bizitzan.

Plaka hauekin indarkeria sexistarik eta fobiarik gabeko herria nahi dugula aldarrikatu nahi dugu eta herritarrei indarkeria sexistaren aurrean jarrera aktiboa izan dezaten.

Zentzu horretan, Errenteriako Berdintasun Kontseiluak dei egiten du errenterriarrek emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera adierazi dezaten eta emakumeenganako indarkeria-adierazpen guztiak salatu ditzaten Oreretako Asanblada Feministak egiten duen deialdian parte hartzen, azaroaren 25en, 19:00etan Herriko plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzen”.

Bestalde, Aizpea Otaegi alkateak adierazi du plakak Berdintasun Kontseiluaren ekimenez egin direla Azaroaren 25aren bezperetan. Halaber, esan du indarkeria sexista dela emakumeen eskubideen eta askatasunen aurkako eraso larria, emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunen adierazgarri garbia eta jakina denez desberdintasunek irauten duten bitartean indarkeriak ez duela amaierarik izango.

Adierazi du “Errenterian indarkeria sexistari aurre egiten diogu” leloak bi hartzaile dituela: batetik, mezuak erasotzailee garbi esaten die eraso baten aurrean erantzun bat jasoko dutela. Eta beste alde batetik badago emakumeei zuzendutako mezu bat lotuta dagoena erasoen aurrean besoak gurutzaturik ez gelditzearekin, ahalduntzearekin eta emakumeen arteko sareak eraikitzearekin. Beraz, erreferentzia zuzena egiten die ahalduntze pertsonalari eta kolektiboari tresna bezala.

Alkateak nabarmendu du zeinen garrantzitsua den Berdintasun Kontseilua politika feministak egiteko, berdintasunaren aldeko politikak egiteko eta zehazki indarkeriari aurre egiteko eta Udalaren eta Mugimendu Feministaren arteko elkarlanerako ezinbesteko tresna dela.

Azaldu du baita ere plakek Udalaren armarririk ez eramatea lankidetza horri dagokiola eta Udalaren beraren eta Mugimendu Feministaren artean eraikitako eta sustatutako mezu bat izan nahi dutela.

Azkenik, gogorarazi dute azaroaren 26an, 18:00etan, ‘Nola hobetu dezakegu indarkeria jasaten duten emakumeei ematen zaien arreta?’ lelopean Miren Ortubayk emango duen hitzaldia egongo dela Emakumeen Etxean. Miren Ortubay zuzenbide penalean eta indarkeria sexistan aditua da eta sistema penalari buruz hausnarketa egiteko gakoak emango ditu.