‘Errenteria In Blue’ kontzertua eskainiko du Musika Bandak Arkaitz Mendoza pianistarekin batera

‘Gure Bakarlariak’ zikloak egungo musika-panoramako zuzendari eta pianista handienetako bat, Arkaitz Mendoza, aurkeztuko du igandean. Errenteriako Musika Kultur Elkarteak (EMKE) antolatuta, ‘Gure Bakarlariak’ saioak edizio berri bati ekingo dio, George Gershwin New Yorkeko konpositore handiaren musika ekarriko duena piano bakarlariarentzako eta Musika Bandarentzako ‘Errenteria In Blue’ kontzertuarekin. “Musika zaletu ororentzat, Arkaitz Mendoza piano-jotzaileaz zuzenean gozatu ahal izatea luxua da, XX. mendeko konpositore europarrei Andre Waignein edo Jacob de Haan eta James Barnes bezalako konpositore estatubatuarrei zuzendutako proposamenean George Gershwinen ‘Rhapsody In Blue’ zoragarria medio” – elkarteko iturriek adierazi dutenez.

Kontzertu-programari dagokionez, Errenteriako Musika Bandak, Alain Ayerdi Gurpegiren gidaritzapean, James Barnesen ‘Synphonic Overture’, Andre Waigneinen ‘Three Movements’, Jacob de Haan herbeheretar konpositorearen ‘Ammerland’ eta G. Gershwinen ‘Rhapsody In Blue’ obretan barrena gidatuko ditu entzuleak. Musika garaikide amerikarraren eta europarraren erritmoak eta harmoniak uztartuko ditu saioak.

Kontzertua igandean izango da, 19:00etan, Fatima elizan (sarrera doan).