Haur eta nerabeek euren etxeetatik jarrai ditzaketen aisialdi ekimenak jarri ditu martxan Udalak

COVID-19ak eragin duen egoerak eragotzi egiten du umeek kalera atera ahal izatea; horregatik, udal zerbitzuetako hezkuntza taldeek irudimenez, ekimenez eta ilusioz antolatu dituzte etxetik jarraitzeko proposamen bereziak: dantzak, eskulanak, ipuinak, kirola, logika-jokoak, erlaxazio-teknikak, etab.

Alde batetik, Familia Guneak 0-6 urte bitartekoentzat aisialdirako hainbat aukera eskaintzen ditu familiekin lantzeko. Egunero errutina bat proposatzen du eta, horretaz gain, familiako kideek elkarrekin gozaatzeko ipuinak, eskulanak edo dantzak.

Bestalde, udal ludotekek “Ziber ludoteka” sortu dute. Blog honetan zenbait proposamen ikusteaz gain egutegi baten bitartez, nahi duen gaztetxoak partekatu dezake bururatzen zaion ekintza edo burutu duen eskulana. Interaktibo izatea da blog honen ezaugarri nagusietako bat.

Bukatzeko, bai Kuadrillategi egitasmoak, bai udal gaztelekuek nerabeen interesekoak izan daitezkeen hainbat gairen inguruan proposamenak helarazten ari dira online eta, horretarako, Instagrama erabiltzen ari dira. Errezetak, pista-jokoak, pelikula edo telesailen gomendioak, hizki-zopak, ariketa fisikoak… aurki ditzakete sare honetan mugitzen diren gazteek.

Baliabide hauen informazio guztia https://gazteria.errenteria.eus/ web orrialdian eskura dago.