Errenteriako Eskolako Agenda 21 programak ez ohiko amaiera izan du COVID-19aren ondorioz

Errenteriako Eskolako Agenda 21ean parte hartzen duten ikastetxeek (4.800 ikasle inguruk) iaz hasitako gaia izan dute aztergai, Klima-aldaketa, baina ikasturte honetan, elikadura jasangarriaren ikuspuntutik. Lehenengo urratsak eman ondoren, Covid-19a dela-eta, EA21 programa martxora arte landutako lekuan utzi behar izan dute bertan behera.

Lehenengo bi hiruhilekoetan planifikatutakoa (sentsibilizazio, ikastetxeko diagnostikoa, komunikazioa) ongi bete duten arren, hirugarren hiruhilekoan egin beharrekoa, tartean herri-diagnosia, erdizka utzi behar izan dute. Hainbat ekintza burutu badira ere, amaiera borobiltzeko ondorioak ateratzea ez da nahi bezain ongi lortu. Eta ikasturte amaieran burutzen diren Ikasleen arteko Foroa eta azken Udalbatza ere, egin gabe geratu dira.

Egoera normal batean, Ikasleen arteko Foroan adostutako puntuekin azken txostena prestatu eta Udalbatzan, alkateari aurkezten zaizkio: batetik ikasturtean zehar egindako lana eta, bestetik, herri-diagnositik ondorioztatutako proposamenak. Aurtengoan, guzti horiek bateratu, txostena egituratu eta Udal ordezkariei aurkeztu zaie, modu digitalean.

Hauek izan dira luzatutako proposamenak:

Bertako eta garaiko elikagaien sustapena

  • Herriko azoka indartu. Beraunen, astean behin merkatu bat antolatu, bertako produktuak erosteko. Horiekin lotuta, bertako produktuak on-line saltzeko laguntzak eman.
  • Baratze parkea handitu edo beste zonalde batean baratze gehiago sortu. Arazoak dituzten familiei eskaini.
  • Kontsumo taldeak ez dira oso ezagunak. Indartu egin beharko lirateke.
  • Herriko taberna, jatetxe eta baserritarren artean harremanak sustatzeko bideak landu, beraien produktuen irtenbidea ziurtatzeko.
  • Elikadura jasangarriaren oinarriak herritarrengana iristeko sentsibilizazio kanpainak egin.
  • Denda txikiek ezin dute hipermerkatuekin lehiatu. Haiek herrian duten garrantziaz jabetzeko eta bertan nahiz bertako produktuak erostea sustatzeko, herritarren artean kanpaina indartsuak burutu.

Elikagai-zarrastalkeria

  • Denda, taberna eta jatetxeetan elikagaien zarrastalkeriaren kontra lan egiten jarraitzea.
  • Elikagaien Bankuari ahalik eta laguntza handiena eskaini.

Datorren ikasturtearen hasiera nolakoa izango den ez badakite ere, ikasleek udaletxean elkartzeko esperantza badute, egun horretan, gaia berreskuratu eta alkatearen eskutik beraien proposamenei erantzuna jasotzeko.