#BiziErrenteriakoDendak, uztailaren 28, 29 eta 30ean herriko dendak ezagutzeko aukera

  • Bizi Errenteria programaren dinamizazioaren baitan, arropa, osagarri, zapata, etxerako osagarri, loredenda eta belar-dendetako dendariek euren salgaiak kalean, establezimendu bakoitzaren kanpoaldean, erakusteko aukera izango dute hiru egun horietan.
  • Aldi berean, abian jarri da ‘Bizi Errenteria esperientzia gastronomikoa, 2×1 eskaintza’ eta horri dagozkion 1300 tiketak bezeroei banatuko zaizkie aipatu denda horietan.

Herriko 220 establezimendutik gora egin dute bat dagoeneko Bizi Errenteria ekimenarekin. Horietatik guztietatik, arropa, osagarri, zapata, etxerako osagarri, loredenda eta belar-dendak izango dira protagonista uztailaren 28tik 30era. Izan ere, euren produktuak dendaren kanpoaldera, espazio publikora, ateratzeko aukera izango dute eskaintza herritarrei eraskuteko

Merkataritza dinamizazioaren parte den ekintza hau #BiziErrenteriakoDendak lelopean garatuko da eta horren asmoa da, konfinamendu garaian itxita egon eta sasoiko produktu edo generoa saltzeke duten establezimenduei nolabaiteko bultzada ematea.

Hiru egun horietako jarduna indartzeko, halaber, aukera izango dute ohiko ordutegia baino denbora gehiagoan zabaltzeko, neurriz, auzokideekiko errespetuz eta zarata mugak gainditu gabe, besteak beste.

Bizi Errenteria esperientzia gastronomikoa, 2×1 eskaintza

Ekintza horrekin batera, dendetako bezeroei Errenteriako ostalaritza ezagutu eta gozatzeko aukera emateko, ‘Bizi Errenteria esperientzia gastronomikoa, 2×1 eskaintza’ ere martxan izango da.

Hala, planean atxikitako 73 dendetan 25 eurotik gorako erosketa egiten duten bezeroen artean tiket bereziak eskainiko dituzte izakinak agortu arte: tiketean zehaztutako kontsumizioan bezeroak bi kontsumitu eta bakarra ordaindu ahal izango du.

Guztira, 1.300 tiket banatuko dira eta herritarrek irailaren 30era arte izango dute horiek erabiltzeko.

Ekintza horretan esku hartu duten taberna eta jatetxeak dira: Izar, Manuel, Zuhaitza, Kerala, Lino Kafe, Portu, Zamalbide, Errenteriako Batzokia, Arkaitza, Gaztelu, Aker, Errota, Orereta, Cyne Reyna, Sindikato, Leku Zaharra, Limerick, Xera Gastroteka eta Zuzen Gastropub.

Zeharkako ekimen horren helburua da merkataritza eta ostalaritzaren arteko, hau da, herriko ekonomian garrantziakoak diren bi sektoreen arteko zubiak sortzea, herritarrengan tokiko kontsumoaren aldeko ohiturak eragin aldera.

Udaletik jakinarazi dutenez, irailetik aurrera iritsiko dira Bizi Errenteria ekimenean atxikitako gainontzeko establezimenduen dinamizazio ekintzak ere.