Datozen hilabeteetarako mugarriak aurkeztu ditu Atlantikaldiak

Irailaren 24tik 26ra musika jaialdi moduan hartu zuen Fanderian kokatutako eszenatokia Atlantikaldiak. Kultur Topagune gisa, hala ere, asko du emateko oraindik 2020ko edizioak. Jaialdiak orain arte eskaini duenaren balorazioa egiteko, baina baita datozen hilabeteotan emango duena aurkezteko ere Ion Collar Kultura zinegotziak, Iker Tolosa jaialdiko zuzendariak, Samira Goddi Errenteriako Aniztasun Saileko teknikariak eta Ana Sandino Guardabarranco elkateko kideak hartu dute hitza gaur goizean prentsa aurrean.

Collarrek azaldu duenez, aurten egindako ibilbidea “ez da erraza izan”, ziurgabetasunak baldintzatu du jaialdia bai kanpora begira baita barrura begira ere. Hala ere, antolakuntza taldea pozik agertu da aurtengo edizioak orain arte utzitakoarekin, “zailtasunak zailtasun, egoera bakoitzeko irizpideetara moldatu gara, eta jaialdiak aurrera egin du”.

Udaberrian Covid19ak sortutako pandemiak jaialdi eredua birsortzera eraman zuen antolakuntza. Soilik agertoki nagusian programatu ohi diren kontzertuak ziren iraileko baldintzetan burutu zitezkeen bakarrak.

“Estreinakoz, musika kontzertuetarako sarrerak gonbidapen bitartez kudeatu ditugu, osasun eta segurtasun neurriak bermatu eta aforoak kontrolatzeko”. Pozik agertu da Collar, gonbidapen guztiak jaialdia hasi aurretik banatu baitziren. “Herritar zein bisitariak pozik ikusi ditugu, emandako erantzuna aparteko izan da”. Honen aurrean, Atlantikaldia gauzatzeko hartutako neurriak eta plazaratutako eskaintza goi mailakoa izan dela eta honek jaialdiaren oinarriak sendotzeko balio duela ere gaineratu du.

Aurten taula gainean aritutako musika taldeen zuzenekoen maila goraipatzeaz gain, Itsas elkarrizketek eskainitako esperientzia aberatsak nabarmendu nahi izan dituzte. Horren lekuko antolakuntzak prestatutako bideo laburrak. Musika hizkuntza komun duten jatorri ezberdinetako artisten arteko elkarrizketa hauetan Izaro eta Pedro Pastor, La Yegros eta Ines Osinaga, edota Ainara Ortega eta Gabacho Maroc-en arteko elkarlanaren bizipenak bildu dira, zuzenekoen irudiak tartekatuz.

Eguraldiaren iragarpen txarrak ere irailaren 24tik 26ra programatutako egitaraua baldintzatu zuen aurtengoan. Ostiralean eta larunbat arratsaldetan ospatzekoak ziren kontzertuak bertan behera gelditu ziren iragarritako haizeteen ondorioz. Hala ere, eta inplikatutako talde, teknikari eta lantaldearen ahalegin bereziari esker, larunbat arratsaldeko kontzertuetako bat igande goizera aldatzea lortu zuten. “Ikusleen segurtasuna lehenetsita hartutako erabakiak izan ziren guztiak”.

Atlantikaldia Kultur Topagunea

Jaialdiak, haatik, badu musikaz haratago doan ezaugarri bat, bakarra egiten duena. Hain zuzen herriko eragileen proposamenez elikatzen den programa, kultur artekotasuna eta sormena ardatz osatzen den ekitaldi eta jarduera sorta. “‘Oso garrantzitsua da guretzat eragileen lana, eurak dira, besteak beste, Atlantikaldiari Kultur Topagune izaera ematen diotenak’, adierazi du Tolosak. Horregatik, formatu ezberdinak arakatu dituzte eragileen presentzia ere 2020ko edizio honetan presente egon dadin. Bere hitzetan ‘aurtengo Atlantikaldiak ez du etenik eta erronka eta egoera berri guztietara moldatzeko prest’ azaldu da antolakuntza taldea.

Hau horrela, Atlantikaldia iraileko asteburuan garatu ezin izan ziren hainbat jarduera datozen hilabeteetan garatzeko lanean burubelarri dago orain antolakuntza.

‘Jaialdia ez da bukatu, herriko zein kanpoko hainbat eragileekin kultur jarduera ezberdinak prestatzen ari gara’, azaldu du Samira Goddik. Eta kultur aniztasuna oinarri duten jardueren pintzelkada batzuk eman ditu berak: Sukaldaritza fusio tailerrak edo Sukaldian errezeta liburua, kasu.

Ekimenak

Atlantikaldia jaialdiak 2020 udazkenetik Atlantikaldia 2021 ediziora bitartean ondorengo jarduera hauek gauzatuko ditu:

  • Gure herriko Iparragirre

Data: azaroa 27

Ordua: 19:00

Tokia: Niessen Kulturgunea

Joxe Mari Iparragirre ardatz duela, Udal Txistulari taldeak eta Iñigo Legorburuk elkarlanean garatuko duten ikuskizuna. Urretxuko bardoa jaio zela 200 urte betetzen diren efemeride borobilaren bidez, haren figura goraipatu eta Errenteriarekin izan zuen harreman berezian sakontzen du.

  • Sukaldaritza fusioa

Data: abenduaren 12

Ordua: 10:00-13:00

Tokia: Basque Culinary Center

Basque Culinary Center eta Errenteriako Aniztasun Sailaren arteko kolaborazioaren bitartez, Atlantikaldiako Sukaldian jardueran ‘irakasle’ moduan ibili diren jatorri ezberdinetako herritarrek lehen eskutik ezagutuko dituzte sukaldaritzan dauden tendentziak eta egiteko modu berriak.

Topaketa honek ortzimuga berriak irekiko ditu eta jatorri ezberdinetako sukaldaritzen arteko fusioaz gain, tradizioa eta etorkizunaren arteko nahasketa emango da. Modu honetan,, datozen Sukaldianetarako aukera eta bide berriak zabalduko dira.

8 parte-hartzaile izango ditu jarduera honek.

  • Sukaldian errezeta liburua

Data: 2021eko udaberria

Errezeta kopurua: 12

Azken urteetan Sukaldian ekimenean parte hartu duten jatorri ezberdinetako hainbat errezeta jaso ditu antolakuntza taldeak.

Liburu digital formatuan, ekimen honek izandako ibilbidearen aitortza izan nahi du. Bertan, azken urteetan ekimen honetan daztatu izan ditugun Maroko, Peru, Mexiko, Nikaragua, Nigeria, Ijito herria, Venezuela, Galizia, Pakistan, Armenia, Ukrania edota Nepaleko errazetaz gertutik ezagutu eta gure etxeetan egin ahalko ditugu.

  • Oiartzun ibaian bisita gidatuak

Data: 2021eko udaberria

Ordua: 10:00etatik 12:00etara

Tokia: Oiartzun ibaia

Oiartzun ibaian nabigatu eta honek gordetzen duen ondarea ezagutzeko aukera. Hibaikako lagunekin batera 30 minutuko bisita gidatuak eskainiko dira. Herritarrei arraun egiten ikasten duten bitartean ibaiaren eta herriaren inguruan ezagutza sakontzeko esperientzia.

Izen-ematea izango du ekintza honek.

  • Konexio zeltiarra

Data: zehazteke

Tokia: Errenteria Musikal

Errenteria Musikal eta Galiziako musikari/dantzari/eskola baten arteko truke proiektu honen bidez, tailer pedagogikoak antolatuko dira. Egitasmo honen helburua Errenteriako ikasleei ortzimuga berriak ireki eta sorkuntza prozesu eta egonaldi baten bidez, 2021eko Atlantikaldian aurkeztuko dn ikuskizun bat burutzea da.

Antolaketan Gipuzkoako Casa Galiziak parte hartuko du.

  • Muralak auzoaren ispilu

Data: 2021eko udaberria.

Tokia: Gaztaño auzoa (konfirmatzeke).

Arte bitartekaritza prozesu bat zabalduko da Errenteriako Gaztaño auzo elkartearekin eta 2020ko Atlantikaldiaren kartela egin duten Juan Angel Perotxena eta Studio Josefa (Argentina)  artistekin batera. Muralismoaren bitartez kolektiboarekin lotutako gaiak landuko dira eta honen emaitza mural batean islatuko da.

  • O tempo diz!

Data: Atlantikaldia 2021

Dantzaguneak, Atlantikaldiarekin elkarlanean, deialdi bat luzatu zuen jaialdiaren programazioan dantza ikuskizun bat txertatzeko helburuarekin. Deialdira aurkeztutako proiektuen artean Ertza Dantza Konpainiaren O tempo diz! izan zen hautatua. Proiektua Monzanbikeko dantza talde batekin garatuko dute, Mozanbiken bertan eta Errenterian egingo diren bi egonaldietan, behin pandemiak eragindako mugikortasun murrizketak amaitzean betiere.

Sorkuntza 2021eko Atlantikaldian estreinatuko da.

  • Erraldoien kalejira

Data: Atlantikaldia 2021

Errenteriako ikastetxeekin 2019an hasitako lan prozesu baten ondorio izan behar zen 2020ko Atlantikaldian gauzatu beharreko Erraldoien Kalejira.

Izan ere, ikastetxeetan, erraldoiak eraikitzeko tailer baten aitzakian etorkizuneko Errenteria irudikatu nahi zen eta berau, kalejira baten bitartez, lau haizeetara zabaldu.

Pandemiaren eraginez aurreikusitako datak gauzatu ezin izan diren arren, ekimenarekin aurrera egitea erabaki du jaialdiak eta 2021eko Atlantikaldia izango da honen erakusleiho.