Larunbat honetan hasiko da Gipuzkoako XI. Euskal Pilota Egokituko Txapelketa

Larunbat honetan hasiko da Errenterian Gipuzkoako XI. Euskal Pilota Egokituko Txapelketa, datozen hilabeteetan hainbat herritan jokatuko dena.

Txapelketak bi modalitate ditu: Teniseko paleta (adimen urritasuna duten pertsonak lehiatuko dira) eta Gomazko paleta gurpildun aulkian. Biak banaka zein binaka jokatuko dira.

Errenterian, Agustina Otaola pilotalekuan, txapelketako hiru jardunaldi jokatuko dira: lehenengoa, larunbat honetan, martxoaren 6an, eta hurrengoak apirilaren 17an eta ekainaren 12an.

Aurkezpen prentsaurrekoan parte hartu dute lehiaketa antolatu duten federazioetako ordezkariek (Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioa eta Gipuzkoako Pilota Federazioa), Mindara elkartekoek, Foru Aldundikoek, lehiaketa egingo den udalerrietako alkate zein zinegotziek eta Beñat Lizaso eta Manu Quesada pilotariek. Bi kirolariek kirol egokitua sustatzeko deia egin dute.

Antolatzaileek azaldu dutenez, lehen jardunaldi hau jenderik gabe jokatuko da, osasun neurriak direla eta, baina, egoerak aurrera egin ahala, aurrerago jardunaldi batzuk jendearentzat ireki ahal izatea espero dute.