Garapenerako Lankidetzaren arloko lehen Marko Estrategikoa aurkeztu du Udalak

Errenteriako Udalak garapenerako lankidetzaren arloko lehen marko estrategikoa aurkeztu du. Asmoa da marko horren bitartez ordenatzea, bistaratzea eta lehenestea Udalak esparru horretan 1996az geroztik hartua duen ildoa. Lan hori Hegoa garapenaren inguruko euskal institutuarekin koordinatu da.

Urte hauetan Udalak, gizarte zibileko erakundeekin lankidetzan, konpromiso horri erantzun dio gure planetako biztanleria-talderik zaurgarrienen arazoak gainditzera bideratutako proiektuen bidez, garapen ekitatibo, autonomo eta iraunkorra lortzearren. Horrez gain, jakitun izanik dinamika globalek eta lokalek elkarrekin geroz eta lotura handiagoa dutela, bestelako proiektuak ere babestu ditu gure gizartean kontzientzia kritikoa sustatzeko, jakitun izan dadin egun nazioarteko harremanak desberdinak eta bidegabeak direla eta gure ardura ere badela harreman horien egungo egoera.

Berritasun nagusia da zer esparru babestuko diren GGKEei zuzendutako urteroko deialdian. Arlo hauek babestuko ditu Udalak:

• Defendatzea genero-berdintasuna eta sustatzea arlo ekonomiko, sozial edo politikoan.

• Defendatzea kultura-aniztasuna eta hori gizarte-eraldaketarako eta -berrikuntzarako tresna gisa ikus dadin.

• Defendatzea ingurumenaren iraunkortasuna eta baliabideak modu arrazionalean erabiltzearekin eta etorkizuneko belaunaldien bizitzarekin bateragarriak diren bizimoduak.

• Sustatzea garapena autonomoa eta iraunkorra izan dadin, ekonomia sozial eta solidariotik abiatuta.

Markoa Udalaren web-orrian argitaratuta dago.