Lekuona Fabrika ezagutzeko aukera izango dute herritarrek larunbatetik aurrera

Lekuona Fabrikak maiatzaren 27an irekiko ditu bere ateak. Egun horren aurretik, hala ere, herritarrek eraikina bera eta bertan garatuko den proiektua ezagutzeko aukera izango dute. Hilaren 15etik aurrera ate irekien saiaoak antolatu ditu Udalak horretarako.

2 saio eskainiko dituzte egunero, astelehenetik larunbatera. Ondorengoa izango da ordutegia: astelehenetik ostiralera 11:00etan eta 19:00etan; larunbatetan, ordea, 12:00etan eta 18:00etan. Hizkuntzari dagokionez, euskarazko eta gaztelaniazko saioak txandakatuz joango dira eta iraupena ordubete ingurukoa izango da.

Gonbidapenak eskuragarri daude dagoeneko bibe.me webgunean eta Niessen Kulturguneko harreran eta pertsona bakoitzak 4 gonbidapen eskuratu ahal izango ditu gehienez ere.

Gainera, jakinarazi dute, proposatutako egunetako aforoak bete ahala, egun berriak aktibatuko dituztela ekainaren amaiera arte gutxi gorabehera, herritarren eskariaren arabera, beti ere.