Lekuona Fabrikan eskainiko duten ‘Al desnudo’ dantza ikuskizunerako gonbidapenak ostiraletik aurrera eskuragarri

Iratxe Ansa dantzari errenteriarrak Igor Bacovichekin batera gidatzen duen Metamorphosis Dance konpainia izango da Lekuona Fabrikako Sorlekuko oholtzara lehendabizikoz igoko den taldea. ‘Al desnudo’ dantza pieza eskainiko dute bertan.

Bi emanaldi eskainiko dituzte, hilaren 29an lehendabizikoa eta 30ean bigarrena. Biak ala biak 19:00etan. Ikuskizunetarako sarrerak doakoak izango dira eta interesdunek ostiraletik aurrera, hilaren 21, izango dute horiek eskuratzeko aukera.

Gonbidapenak Niessen Kulturguneko harreran (10:00-13:00 eta 17:00-20:00) eta bibe.me webgunean izango dira eskuragarri eta pertsona bakoitzak bi eskuratu ahal izango ditu gehienez ere.

‘Al desnudo’ dantza garaikideko ikuskizuna da. Ansak eta Bacovichek biluzte artistikoa egiten dute bertan. Horretarako, mugimendu intentsitate ezberdinekin jolasten dute eta intentsitate desberdinok agertuz doaz pixkanaka interpreteen gorputzean. Danilo Moroni artista bisualaren lankidetzarekin sortutako pieza da.

Iratxe Ansaren ibilbideari aitortza

Ikuskizuna programatzea Udalak Ansaren ibilbide profesionalari egin nahi dion aitortzaren barruan kokatzen da.

Ansak Ereintza Dantza Taldean jaso zituen bere lehen dantza eskolak eta gaztetxoa zelarik Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora egin zuen jauzi; bertan graduatu zen.

1993tik Basilea Ballet, Ballet Gulbelkian, Espainiako Compañía Nacional de Danza, Lyon Opera Ballet eta Nederlands Danse Theater taldeetan egin du dantza. Bere ibilbidean zehar Nacho Duato, William Forsythe, Jiri Kylian, Crystal Pite, Medhi Walerski, Johan Inger, Ohad Naharin, Mats Ek, Nils Christe, Patrick de Bana, Wayne McGregor, Maurice Causey, Alexander Ekman, Rui Horta, Jacopo Godani eta Mathilde Monnier bezalako koreografoekin lan egin du.

2009an, ordea, bide berri bat hasi zuen freelance bezala, tailer koreografikoak emanez, proiektu espezifikoetan dantzatuz eta koreografiak sortuz.

2014tik Igor Bacovichekin batera Metamorphosis International Residency proiektuan lan egiten du.

Hainbat sari jaso du errenteriarrak; guztien artean azkena 2020ko Espainiako Dantza Sari Nazionala, interpretazio modalitatean.

Aipagarri da, halaber, 2021eko Veneziako XV. Dantza Bienalerako hautatu dutela berriki. Izan ere, Errenteria ondoren Venezia izango da ‘Al desnudo’ ikuskizunaren hurrengo agertokia.