Errenteriako ikasleek herriko natura-ondarea ezagutzeko txangoak egin dituzte

Errenteriako sei ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako 455 ikaslek parte hartu dute Urdaburuko inguruak eta Añarbeko Baso Erreserbako basoak ezagutu asmoz, martxoaz geroztik, antolatu diren ibilaldi gidatu hauetan. Ingurumen-hezitzaileen laguntzaz, 5-6 orduko irteera horietan askotariko gaiak eta leku interesgarriak ezagutzen dituzte ikasleek, besteak beste: Malbazargo eta Pagosardeko urmaelak, zuhaitz eta baso mota ezberdinak, fauna, antzinako lanbideen aztarnak, pago motzen basoak, Añarbeko basoaren aberastasuna, bioaniztasuna…

Helburu nagusia, udalerriko natura-ondarea ezagutzea eta balioan jartzea da, eta aldi berean, gazteek natura-ingurunearekin harremana izatea ere bai. Izan ere, kontuan izan behar da, izurrite garai honetan, inoiz baino garrantzia handiagoa eman zaiola arlo horri.

Bestalde, ikasturte honetan, Eskolako Agenda 2030 programaren barruan, Basoaren gaia landu dute ikastetxeetan, eta irteera hauek oso lagungarri gertatu zaizkie ikasleei

Parte-hartzaileen jarrera eta balorazioa oso positiboa izaten ari da. Errenteriako Udalak bere gain hartu du irteeren antolaketaren eta ingurumen-hezitzaileen kostua.

Irteera hauek Covid-19ari lotutako segurtasun eta prebentzio neurriak errespetatuz egin dira, beti ere, ikastalde bakoitzaren burbuila-unitatea mantenduz.