Eusko Jaurlaritzak eta Errenteriako eta Oiartzungo Udalek Arditurriko Bide Berdea sustatzeko hitzarmena sinatu dute

• Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, Errenteriako alkate Aizpea Otaegik eta Oiartzungo alkate Jexux Leonetek Oarsoaldea eskualdeko Lehentasunez Jarduteko Eremuetako turismo-aktiboak sustatzeko eta balorizatzeko planean jasotako akordioa sinatu dute

• Hitzarmen hau sinatuta, milioi bat euro bideratuko da Arditurriko Bide Berdeko korridore turistikoa sustatzeko

Berriki sinatu da Oarsoaldea eskualdearen eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren arteko hitzarmena, turismo-aktiboak sustatzeko eta balorizatzeko. Hitzarmena Eusko Jaurlaritzako Berpiztu programaren 6,5 milioiko aparteko ekarpenarekin gauzatuko den Lehentasunez Jarduteko Eremuetako (LJE) turismo-aktiboen planaren barruan kokatzen da. Horren bidez, turismo-jarduerak garatu nahi dira hainbat udalerri eta eskualdetan.

Oarsoaldean, milioi bat euro inbertituko dira Arditurri Bide Berdeko turismo-korridorea egokitzeko eta sustatzeko, eta, horrela, oinezkoentzako bizikleta-ardatz baten funtzionaltasuna indartuko da, eskualdeko bisitari zein biztanleentzako erakargarria izango dena. Horrela, baliabide turistiko natural eta ondare kulturalaren baliabide gisa duen balioa indartuko da. Hori lortzeko gisa honetako jarduerak burutuko dira: digitalizazioaren esparrukoak, bide berdearekin eta haren hedapenarekin lotutako zerbitzuak indartzearekin, eta bide berdearen ardatza eta adarrak hobetzearekin lotutakoak, baita bide berdea leheneratzearekin lotutakoak ere.

Modernizazioa eta digitalizazioa sustatu nahi dira, adibidez, plataforma digital baten bidez eta webgune bidezko ticketing zerbitzuaren bidez. Gainera, zerbitzu gehigarriak edo sustapen-materialen garapena indartu nahi dira.