Aisialdiko hezitzaile titulu homologatua eskainiko du Oiartzo Ikastolak

  • Hala nahi duen hamasei urtetik gorako herritar orok eman dezake izena ikastaroan

Haur eta gazteen aisialdirako jardueren dinamizatzaile titulua ateratzeko aukera eskainiko du Oiartzo Ikastolak, Aisiola aisialdiko eskolaren bitartez. Lanbidek homologatutako titulua da, eta hala nahi duen hamasei urtetik gorako herritar orok eman ahal du izena.

Aisialdiko taldeetako, udalekuetako, eskolaz kanpoko ekintzetako, jangelako… hezitzaile izateko aukera eskaintzen du aipatu tituluak.

Ikastaroa Ikastolan bertan izango da. 1. batxilergoa egiteko adina dutenentzako bi urtetan egingo da. Kasu horretan, ikastaroa urtarrilean hasiko da. Atal teorikoa eta praktikoa izango ditu ikastaroak, eta ostiral arratsaldetan emango da, 15:30etik 20:30era.

Izena emateko epea: azaroak 12

Aisialdiko hezitzaile titulua lortzeko izen-emate epea azaroaren 12an amaituko da. www.zirimola.eus webgunearen bitartez egin behar da.

Ordainketa matrikula egiteko momentuan bertan egin behar da. Ikastolako bazkide direnek 430€ ordaindu behar dituzte eta hala ez direnek, berriz, 475€.