Azaroaren 19ko eta 26ko asteburuetan Bizi Artisautza programaren barruan hainbat tailer eskainiko dira

Errenteria udalerrian maila handiko artisauak eta sortzaileak daude eta beraien eskutik tailer interesgarrietan parte hartzeko aukera izango da azaroaren 19, 20, 21eko asteburuan eta azaroaren 26, 27 eta 28ko asteburuan. Artisauen jardunari ikusgarritasuna eman nahi dio Udalak, Bizi Errenteria egitasmoarekin lerrokatuz, herriko ekonomia suspertzeko estrategiarekin indarrez jarraituz.

Bizi Artisautza programa Errenteriako udalaren Artisau Auzoa ekimenaren baitan kokatzen da, helburua, alde zaharra biziberritzea eta artisautza edo lanbide sortzaileak sustatzea delarik. Helburu berarekin kokatu zen HABIAN! egitasmoa Torrekua eraikin

Egin klik irudiaren gainean handitzeko

ean eta asmo horiekin beraiekin birgaitu dira eta artisauen esku jarri dira hutsik zeuden bi lokal komertzial Erdiko kalean, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez. Honela, Bizi Artisautza programa, orain arteko ibilbidea osatzera eta horri segida ematera dator.

Artisauen eskuak, hatz sentikorrak eta eskarmentu handia dira, beharbada, artisauen abiltasun handiaren erakusgarri argienetakoa. Ondo ezagutzen dituzte erabiltzen dituzten materialak eta haien esku trebeek beharrezkoak diren objektuak sortzen dituzte. Artisautzako lanbideak ugariak bezain anitzak dira. Egungo erronka nagusia beraien jardunean jarraitu ahal izatea da, geroz eta azkarrago aldatzen ari den mundu honetara moldatuz, beti ere esentzia eta berezkoak dituzten ezaugarriak galdu gabe.

Bizi Artisautza tailerrak

Egun eta ordu ezberdinetan eskainiko diren tailerrak hauek izango dira:

Lore-instalaziorako tailerra (Idoia Lizeaga bitxigile artisaua eta lore-maistraren eskutik): Olibeteko gaileten forma gogoraraziko duten belarrezko eta kolorezko artilezko zirkulu txikiak egingo dira eta ehundura bat osatuko da, dilindan bezala, Erdiko Kaleko horma bat estaliko duena. Nori zuzenduta: edonorentzat.

Manchester txiki urban sketching (Ainhoa Redondo ilustratzailearen eskutik): Kaleetan zehar geratzen diren lantoki edo fabriketako aztarnak eta beren ingurua marraztuko dituzte, Manchester txikiaren ibilbidea eginez eta haren historia ezagutuz (gidari bat egongo da). Nori zuzenduta: edonorentzat.

Ibilbide honetan parte hartzen duen orok hamaiketakoa izango du Zituenen eskutik 13:00ak aldera beraien egoitzan. Informazio gehiago: https://totenart.com/tutoriales/urban-sketchers/

Arkatzak, akuarelak eta horrelakoak ekarri beharko dituzte parte-hartzaileek (kuadernoa tailerrean banatuko da).

Pasta egiteko tailerrak (Zituene-Pasta obradore kooperatiboaren eskutik): Zereal ezberdinak ezagutu eta pasta eskuz egiteko prozesua zein den ikasiko da. Errenteriako fabrika-garaiari erreferentzia egingo zaio. Nori zuzenduta: edonorentzat. Haurrak beti helduren batek lagunduta.

Egurrezko totemak egiteko tailerrak (Kromosomaren eskutik, egurrezko jostailu didaktikoak). Totem irudia duen egurrezko panela egingo da Errenteriako fabrika-garaiari erreferentzia eginez.

Elkarlaneko egurrezko eraikuntzak egiteko partaidetza tailerrak (Kromosomaren eskutik, egurrezko jostailu didaktikoak). Elkarlaneko egurrezko eraikuntzak egingo dira Errenteriako fabrika-garaiari erreferentzia eginez.

Egurrezko elementu mugikorrak egiteko partaidetza tailerrak (Kromosomaren eskutik, egurrezko jostailu didaktikoak): Egurrezko pieza mugikorrak egingo dira, birakariekin lotuta eta Errenteriako fabrika-garaiari Erreferentzia eginaz. Pieza mugikorrak herriko hainbat gunetan jarriko dira.

Telariak tailerra (Saioa Matxain moda diseinatzailearen eskutik): Ehungintza enpresek Errenterian izan zuten garrantziaz arituko da. Herrian egon ziren enpresak ezagutuko dira eta emakumeek bertan izan zuten rolaz hitz egingo da.

Ehungintzan murgilduko da, dauden zuntz eta ehun motak ezagutuz. Erabiltzen ziren prozesu eta makinen erabilera ere ezagutuko dira eta ehunak fabrikatzeko lotura motak egingo dira.

Izen-emateak doakoak dira eta Lekuona Frabrikan zein https://sarrerak.errenteria.eus/bizi-artisautza orrian egin daitezke.

Deskargatu eskuorria hemen..