Errenterian hondakin organikoak konpostatzen dituztenek %40ko hobaria izango dute beraien hondakinen-tasan

Urri amaierako Udal Osoko bilkuran Errenteriako Udalak 2022ko zerga-ordenantzak onartu ditu eta, bertan, hondakin organikoak konpostatzen dituzten familiei hobaria %35etik %40ra igotzea jasotzen da.

Honela, etxeko konpostaje zein auzo-konpostajeko udal egitasmoetan parte hartzen duten familiek %40ko beherapena izango dute 2022ko hondakinen udal-zergan, 2021arekin alderatuta, hobaria handitu egin da, beraz.

Biohondakinak kaleko edukiontzi marroiaren bidez gaika biltzen dutenek, berriz, %27ko hobaria jasotzen jarraituko dute, baldin eta hileko egun ezberdinetan, gutxienez, edukiontziaren hiru irekiera egiten badituzte.

Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako 12. Helburuarekin bat eginez, Errenteriako Udalak familiak etxean konpostatzera edo auzoko konpostajean parte hartzera gonbidatzen ditu, hondakinen sorrera murriztu eta Errenteria herri iraunkorragoa bihurtzeko.